Elkarrizketak

"Bizkaiko marea-errotarik zaharrena Plentziako Gazteluondo da"

Ander Zarraga 2021ko ots. 16a, 09:00

Gure ibai guztiek dituzte errotak, baina haizea edo itsasaldiak baliatzen zutenak ere egon dira inguruotan. Horien bilduma egin du Alberto Diez Saiz gorliztarrak bere azken liburuan.

Ibaietakoak bezain ezagunak eta ugariak ez izan arren, haizea eta itsasaldiak baliatzen zituzten errotak ere egon dira gurean. Hala baieztatu du Alberto Diez Saiz (Gorliz, 1933) historiazale eta idazleak Los molimos de viento y marea vizcaínos bere azken liburuan. Horren arabera, Bizkaian 23 marea-errota eta 11 haize-errota egon ziren XVI. eta XIX. mendeen artean; horietako zazpi gure eskualdean. Berangon bizi, baina Gorlizen jaio den 87 urteko historiazale eta idazlearen 15. liburua da hori, eta ibai-erroten ingurukoa ere prestatzen ari dela aurreratu digu.

Idazleak jakinarazi duenez, 40 urtetan batutako informazioa "ahalik eta modu zehatz eta argienean" argitaratzea izan da liburuaren helburua. Horren lana goraipatu du Alberto Santana historialari ezagunak: "Gai horren inguruan inoiz idatzi den lanik osatu eta txukunena da".

Lehenik, marea-errotak zerrendatzen ditu Diezen liburuak. Horiek itsasaldiek eragiten duten ur-mugimenduaz baliatzen ziren. Itsasgora zegoenean itsasoko ura urtegi batean biltzen zuten, gero, itsasbeheragaz, uraren maila bajatzen zenean, eta gurpilak libre gelditzen zirenean, gordetako ura hodi batzuetatik askatzen zuten, errotako gurpilak mugiarazita.

Plentziakoa zaharrena

Diezek azpimarratu du eskualdeko eta Bizkaiko lehenengo marea-errota Plentziako Gazteluondokoa izan zela, 1506n eraikitakoa; gaur egun frontoia dagoen lekuan kokatuta zegoen. "Mota horretako errotarik zaharrena zen, eta ulergaitza egiten zait aditzea zergatik erabaki zuten hori eraistea. Gaur egun bizkaitarrok harro egoteko moduko harribitxi bat izango genuke", deitoratu du Diezek. Errota zegoen lekuan, horren inguruko informazioa duen panel bat eta haren gurpilak besterik ez dira gelditzen orain. Plentzian beste marea-errota bi egon zirela aipatu du Diezek: Ardanzakoa (1734) eta Errotabarrikoa (1854). Leioan ere Udondoko marea-errota (1548) egon zen, izen bera duen ibaiaren beheko aldean kokatuta zegoena.

Orain arte Bizkaian ezezagunak ziren marea-errota biren aurkikuntza ere nabarmendu du historiazaleak: Sestaoko Abinaga (1667)eta Deustuko Larrauri (1567) errotak, hain zuzen ere.

Berangoztarraren arabera, lehorte ezberdinek ibaietako uraren indarra gutxitu zutenean, errotariek bestelako energia-iturri batzuetara jo behar izan zuten, eta hala eraiki zituzten Bizkaiko lehenengo haize-errotak. Gure eskualdean hiru egon ziren, denak Getxo inguruan; gaur egun bakarra kontserbatzen da: Aixerrota (1725), alegia. Arnabarre (XVIII. mendea) eta Esazerrota (1854) ziren beste biak, baina gaur egun hondarrak besterik ez direla gelditzen jakinarazi du adituak.

Haize-errotek energia eolikoa baliatzen zuten hegalei eragiteko, eta, horrela, engranaje batzuen bitartez, alea ehotzeko harria mugiarazten zuten. Eraikin zirkularrak ziren, eta teilatua haizearen norabidearen arabera biratu zezaketen. Hala ere, Diezek dioenez, errotok bizitza laburra izan zuten, inguruotan ibaietako eta itsasaldietakoak lehenesten baitziren.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun