Nondik dator mota horretako aplikazio bat sortzearen ideia?
Adizkinator egiteko pizgarria beharra izan zen. Tresna bat behar nuen aditzak modu erraz eta arinean jokatzeko, hau da, hizkuntzaren gainean hitz egiten dugunean erabiltzen ditugun hitzak erabiltzen zuena. Azken helburua zen adizki bat behar genuenean, ahalik eta azkarren lortzea gauden lekuan gaudela. Horretarako gurekin beti daramagun telefonoa euskarri ezin hobea zela iruditu zitzaidan, hainbat lanabes baititugu bertan, eta aditzak jokatzekoa ere lekua izan zezakeen.
Nolakoa izan da horren sortze-prozesua?
Prozesuak hainbat atal izan ditu, batzuk neketsuagoak, besteak politagoak eta dibertigarriagoak. Aditzak biltzea eta aplikazioan sartzea, adibidez, oso monotonoa eta luzea izan zen, batez ere aditz trinkoak ere sartzea erabaki nuenean. Forma ematea eta soluzioak bilatzea, aldiz, politagoa eta dibertigarriagoa izan zen: gero eta erabilgarriagoa zen puzzle bat egitea bezala.
Zelan funtzionatzen du?
Bi modu daude aplikazioa erabiltzeko. Aditz bat joka dezakegu edo adizki bat bilatu. Aditza jokatzeko zerrenda batzuetan aditza, modua, denbora eta pertsonak sakatuta adizkia emango digu. Beste aukerak kontrako bidea egiten du. Adizkia sartuko dugu, adibidez “dizut”, eta aplikazioak informazio guztia emango digu.
Zelako harrera izan du orain arte?
Harrera ona izan du; orain arte, 2.000 bat erabiltzailek deskargatu dute, eta inguruko jendeak esan dit gustuko duela. Gehienak euskara ikasleak edo euskararekin lanean diharduten pertsonak dira, baina, noski, zalantza edo jakin-mina duen edonork erabil dezake.