Joan den urteko urriaren 19tik azaroaren 27ra bitarteko epea egon zen Santa Ana auzoko Otxabene inguruan eraikiko dituzten 206 BOE –horiekaz batera, beste 10 mugikortasun arazoak dituztenentzako egokitutako etxebizitzak izango dira– bat erosteko eskaera egiteko; guztira, 1.075 pertsonek eman dute izena, eta beste hiruk egokitutako hamar etxebizitzetako bat eskuratzeko. Erregistroa egiteko, baina, hainbat baldintza ezarri zituen Berangoko Udalak. Lehenengo baldintza, nagusia, azken sei urteetan Berangon erroldatu izana da, gutxienez hiru urtez. Denera, baldintza hori betetzen duten 138 lagunek eman dute izena; hartara, horiek guztiek eskuratu ahal izango dute etxebizitzetako bat. Anabel Landa alkateak nabarmendu duenez, hori zen helburuetako bat: berangoztarrak udalerrian gelditu ahal izatea, "eta egiten ari garen BOE hauekaz hori lortuko dugu".
Lehenengo baldintza hori betetzen dutenak etxebizitza guztiak esleitzeko behar beste ez direnez, adingabeko seme-alabaren bat udalerrian erroldatuta dutenei eskainiko zaizkie, aurreko baldintza bete ez arren. Kasu horretan, 8 lagunek egin dute inskribapena. Kasuok aipagarriak dira alkatearen arabera, horri esker familiak gerturatu ahal izango direlako, "kasuak daude non gurasoak elkarrekin bizi ez diren; modu honetan, horietakoren bat Berangora gerturatu ahal izango da seme-alabatik gertuago egon ahal izateko".
Horien ondoren, lehentasuna izango dute Berangon lan egiten dutenek –15 pertsonek bete dute baldintza hori–; segidan, Uribe Kostako udalerriren batean erroldatutakoek (Lemoiz eta Leioa bitartean) –792 lagunek eman dute izena–; eta azkenik, EAEko beste edozein pertsonak –116–.
Kontuak horrela, salgai dauden babes ofizialeko 206 etxebizitzetatik 161 berangoztarrei eta udalerriari lotutako lagunei esleituko zaizkie.