Zer helburu duzue?
Helburu nagusia da herrian dauden berdeguneak babestea eta benetako balioa ematea eta erabiltzea. Gelditzen diren berdegune gutxi horiek mantentzea. Beste bat etxebizitzen problematikari benetako irtenbidea bilatzea da, betiere ahalik eta lur gutxien galduz.
Hau da, ahalik eta gutxien eraikiz?
Hori da. Horretarako, lehendabizi, hutsik dauden etxebizitzen gaineko ikerketa bat egin behar da. Horren ostean eraiki behar bada, eraiki dadila, baina ahalik eta lur gutxien erabiliz.
"Zenbat jendek behar du etxebizitza? Zenbat daude hutsik? Hortik abiatu beharra dago"
Baduzue daturik etxebizitza hutsen gainean?
Orain dela urte batzuk esan zuten Berangon 250 inguru zeudela, baina orain ez dakigu. Edozein kasutan, egin beharreko lehenengo pausoa benetako beharra zein den finkatzea da. Zenbat jendek behar du etxebizitza? Zenbat daude hutsik? Hortik abiatu beharra dago. Benetan eraiki behar da hainbeste? Edo batzuek dirua irabazteko egiten da?
Zein da, zehazki, Icaza jauregiaren eta berdeguneen defentsaren arteko lotura?
Udalak ziren Otxabenen zituen lur batzuk eman dizkio Amenabar sustatzaileari (EAJren eraikuntza-enpresa, esan dezagun), trukean; jauregiaren truk, hain zuzen ere. Jakin dugunez, legearen arabera babes ofizialeko etxeak (BOE) alokairuzkoak izan beharko lirateke udalarenak badira, baina truke hori egin ondoren saltzekoak, izango dira. Izan ere, Berangon orain dauden BOE guztiak, eta egin gura dituztenak, salmentarako dira. Eta Berangon daukagun arazoa Uribe Kosta osoarena da: hirigintza-proiektuz beteta dago, eta guri tokatzen zaigu lotarako etxebizitzak izatea. Argi gera dadila gu ez gaudela BOEak erosi nahi edo ahal dituztenen aurka (prezio libreko asko ere egingo dituzte, bide batez esanda), eta ulertzen dugu askorentzat ia aukera bakarra dela etxebizitza lortzeko; baina uste dugu hori ez dela era zentzuduna ditugun lurrei erabilera emateko, eta ez da guztientzako irtenbidea, denak salmentakoak izango baitira, eta jende askok horien prezioa ere ezin ordaindu.
Daborduko mobilizazio bi egin dituzue Otxabenen. Hor eraikitzeko asmoari erantzutea da zuen lehentasuna?
Agian hori da arriskurik handieneko gunea, baina badaude beste batzuk: Otxandategi, Arana, Mastigane eta Etxebarri.
Zergatik da Otxabene arrisku handienekoa?
Besterik gabe, ikusi genuen Otxabene eta Etxebarrikoa izango zirela lehenengoak egiten, eta Otxabenen lehen mobilizazioak egitea aukeratu genuen hor badaudelako beste arazo batzuk, adibidez, hezegune bat dagoelako. Lehenengo mobilizazioa txokolate-jana izan zen, eta paseoa ere egin genuen. Azaldu genuen lurrak Lipperheide familiarenak zirela, eta zalantza dagoela ea nola lortu zituzten lur horiek, frankismoan. Inguruak nekazaritzaren eta naturaren ikuspuntuetatik duen balioa ere azaldu genuen, eta hor eraikitzeak zer arazo ekar dezakeen uholdeen aldetik-eta, Itze errekaren arroan eraikiko baita. Eta orain aste eta erdi, zuhaitz-landaketa egin genuen.
Zenbat etxebizitza egiteko asmoa dago?
Datu zehatza ez dugu orain eskura, baina Berango osoan 2.000tik gora izango dira. Hala ere orain ari dira hori zehazki erabakitzen.
"Herria asko hazi da azken urteotan, ia 8.000 biztanle ditu dagoeneko, eta honek eragingo du beste 6.000 inguru etortzea"
Biztanle kopurua asko handituko litzateke.
Noski. Eta arin: zortzi urteko epean. Hala zioen HAPOak behintzat. Horrek herri-nortasuna galtzea ekarriko luke, are gehiago. Gainera, Otxabenen eta Otxandategin dentsitate handiko guneak sortzea, hirigintzaren ikuspuntutik, autoaren erabilera bultzatzea da, erosketak egiteko eta abar. Bestela ere herria asko hazi da azken urteotan, ia 8.000 biztanle ditu dagoeneko [4.000 inguru ziren 90eko hamarkadaren hasieran], eta honek eragingo du beste 6.000 inguru etortzea, suposatuz etxebizitza bakoitzera 2,5 datozela, gaur egungo biztanleentzat ere zerbitzurik ez daukan herri batera. Ez da gaitasunik egongo etorriko den jendeari arreta emateko, eskolan, kirol-zerbitzuetan…