2020ko udan, Inmogroup Grupo Promociones Inmobiliarias S.A.-k eta Berangoko Udalak higiezinak trukatzeko hitzarmena sinatu zuten. Horren ondorioz, permuta baten bidez, Otxabene sektorean lortu zuen partzela baten truke –enpresak babes ofizialeko 68 etxebizitza eraikiko ditu bertan–, urteetan hutsik egon diren Icaza jauregia eta ondoko lokala eskuratu zituen Udalak.
Bere momentuan, Anabel Landa Berangoko alkateak adierazi zuen truke hori "berri ona" zela udalerriarentzat, "herrian egon den aspaldiko eskakizun bat delako". Hala ere, Berango Lurraren Defentsan talde ekologistako kideek deitoratu dutenez, higiezin bi horien tasazioa Inmogroupek kontratatutako Tecnicasa enpresak egin zuen 2020an, eta 2,1 milioi eurotan tasatu zuen jauregia eta ondoko lokala, "horietara sartu barik sikiera, enpresak berak tasazio-txostenean azaldu duenez".
Talde ekologistak zabaldu duenaren arabera, Tecnicasa enpresak "baldintzatuta" egin zuen tasazioa, "kanpotik", ezinezkoa izan zuelako barrualdera sartu. Ondorioz, tasatzaileek 2,1 milioi euroko balioa eman zioten higiezinen multzoari. Urte berean, ekologisten arabera, Berangoko Udalak tasazio hori ontzat eman zuen, udal-arkitektoak hala sinatuta, higiezinak aztertuta, "tasazioa merkatuko prezioekin bat datorrelako".
Horren guztiaren aurrean, Berango Lurraren Defentsak uste du prozesua "irregulartasunez beteta" egon dela, eta 2021eko azaroaren 11ko osoko bilkuran permutaren hitzarmena onartzeko erabakia berraztertzeko helegite bat aurkeztu zuen joan den abenduaren 21ean. Urtarrilaren 25ean, osoko bilkuran errekurtso hori onartu ala ez eztabaidatu zuen Udalbatzak, eta, azkenik, atzera bota zuten, trukerako hitzarmena behin betiko onartuta; "EH Bildu eta PSE-EEk gure errekurtsoaren alde egin zuten, Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen, eta EAJ eta PPk aurka bozkatu zuten", azaldu dute ekintzaileek.
Berango Lurraren Defentsan taldeak aurkeztutako helegiteak hainbat puntu mahai-gaineratzen zituen, hala nola ondarea besterentzea hura arautzen duen legeriaren aurka; trukea egiaztatu ez izana; jauregiaren balizko gainbalorazioa; lurzorua gutxiestea; eta, azkenik, akordioa Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenaren mende jarri ez izana.
Helegitearen inguruko eztabaidan, jeltzaleek adierazi zuten hitzarmena ez dela "inoiz" inpugnatu eta aurkeztutako espedienteak ez duela dokumentaziorik aurkezten, "legearen interpretazio hutsa egiten du, besterik ez". Oposizioko gainerako alderdiek –PP izan ezik–, ordea, ez zuten ontzat eman hitzarmena, eta EH Bilduk eta PSEk talde ekologistaren alde posizionatu ziren, jauregia eta ondoko lokala egokitzeko "kostuen hasierako azterketarik" ez dela egin argudiatuta. Hala, urtebeteko atzerapenen ostean, Icaza jauregia eta ondoko lokala Udalaren propietatea izango da behin betiko.
Horren guztiaren harira, Berango Lurraren Defentsako kideek uste dute "oso larria" dela "irregulartasunez jositako" prozesu horregaz aurrera egitea erabaki izana. Hala, horren inguruko informazioa herritarrei helarazteko asmoz, bilera irekia egingo dute datorren eguaztenean, otsailaren 2an, Icaza jauregiaren aurrean, 19:00etan. Era berean, aurreratu dute aztertzen ari direla helegiteagaz aurrera jarraitzea ala ez epaitegietan.