Alconzako langileak borrokan

Alconza enpresako langileek greba mugagabea hasiko dute aurreikusitako 38 kaleratzeen aurka

Ander Zarraga 2022ko ots. 23a, 11:08

Alconza enpresako langileek greba mugagabea hasiko dute hilaren 28an. LAB SINDIKATUA

Alconza enpresako beharginek greba mugagabea hasiko dute hilaren 28an, Irizar Taldeak Berangoko lantokian iragarri dituen 38 kaleratzeen aurka eta azken urteotako kudeaketa txarra salatzeko. Adierazi dute enpresa 2013an erosi zutenetik "kudeaketa negargarria" egin duela eta ez duela horren bideragarritasuna bermatzeko industria-planik egin.

Alconza enpresako 38 langileren kaleratzearen aurka greba mugagabea hasiko dute hilaren 28an Berangoko lantegiko beharginek. Guztira, 250 langile dituen enpresa Iriziar Taldearena da, 2013an bereganatu zuenetik. Azken urteetan langileek hainbat protesta egin dituzte; azaldu dutenez, urteak daramatzate lanpostu eta lan-baldintza duinak bermatuko dituen bideragarritasun plan bat erreklamatzen, “baina Irizar Taldearen proposamen bakarra lanpostuen suntsiketa da, berrekite plan baten aitzakiagaz”. Beharginek deitoratu dute erabaki horregaz Alconzaren bideragarritasuna langileen lepora egin gura dutela.

Irizar Taldeak 2013an erosi zuen Alconza enpresa berangoztarra, enpresa-taldeari balio erantsi bat emateko asmoagaz; izan ere, erosketa egin zenean, lantegiak 250 langile zituen eta, mozkinak lortzeaz gain, erreferente bat zen merkatuan. Hala ere, beharginek salatu dute ordutik egin duten kudeaketa negargarriak oraingo egoerara eraman duela Alconza: “Ordutik ez dute inolako inbertsiorik egin eta ez diote balio erantsirik eman Berangoko lantegiari. Irizar Taldearen industria-planak norabide bakarrekoak izan dira; etengabeko lan-baldintzen prekarizazioa”.

Gaineratu dute Alconza erosi zuenean, kutxan zeuden 10 milioi euroak mozkinetan banatu zituela Irizarrek, eta, “azken zortzi urteetan Irizar ez da arduratu erosi zuen enpresaz, ez baitute lan-kargarik ekarri”.

Kaleratzeen eta egoera horren aurrean, langileek borrokatzeko prest azaldu dira, eta otsailaren 28tik aurrera greba mugagabea bati ekingo diotela iragarri dute. Adierazi dute ez dutela lana suntsituko dituen plan industrialik onartuko, eta gaur egungo eta etorkizuneko enplegua eta eskualdearen etorkizuna bermatuko duen egitasmoa bakarrik onartuko dutela. “Gure lanpostuen eta etorkizun duin baten defentsan guztiok elkarregaz borrokatzea da daukagun aukera bakarra”, adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun