Berangoko Bozeramaileen Batzordeak gogoratu duenez, Alconza enpresak ibilbide luzea du udalerrian ezarri zenetik. Gainera, Berangon eta inguruko herrietan enplegurako garrantzitsua izan den enpresa izanik, Irizar Group-eko zuzendaritzak planteatutako EEE-ak eskualdean eragin "oso negatiboa" izango lukeela deitoratu dute udal-arduradunek, "bai lan arloan, bai gizarte mailan".
Horregatik guztiagatik, Berangoko Alconza Irizar Group enpresako zuzendaritzak planteatutako erabakiaren aurrean, Berangoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak bere "erabateko elkartasuna" adierazi die greba mugagabean dauden langileei. "Udalbatza kezkatuta dago lanpostuak suntsitzen eta galtzen direlako eta gure udalerrian lan- eta gizarte-mailan eragina izan dezakeelako. Horrela, langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta gure laguntza izango dute beren lanpostuak defendatzeko", adierazi dute udal-arduradunek zabaldutako adierazpen instituzionalean.
Gainera, enpresa horretako zuzendaritzari diagnostiko sakon bat egin dezala eskatu diote, "langileentzako ondorioak minimizatzeko" eta lanpostuen galera "azken baliabidea" izatea negoziazio-prozesuaren barruan.