Alconzako langileak borrokan

"Alconzan ez dago inor soberan!"

Iker Rincon Moreno 2022ko mar. 4a, 13:26

Greba mugagabean dauden Berangoko Alconza lantegiko beharginek salatu dute Irizar Taldeko zuzendaritzak ez duela negoziatzeko asmorik agertu oraindino, eta eskatu diote langileen % 40a kaleratzea aurreikusten duen enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) bazter dezala eta enplegurik suntsituko ez duen industria-plana plantea dezala. Bitartean, borrokan jarraituko dutela azpimarratu eta hurrengo manifestazioa martxoaren 12an egingo dutela iragarri dute.

Irizar Taldeko zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztu du Alconzak Berangon duen lantegirako, eta horrek langile-taldearen % 40a kaleratzea ekarriko luke, hau da, 38 pertsona. Horren aurrean, eta enpresak lantegi berangoztarra 2013an erosi zuenetik egindako "kudeaketa negargarria" salatzeko, beharginek makinak gelditu eta greba mugagabeari ekin zioten joan den astelehenean: "Borroka da dugun aukera bakarra".

Atzo, Areetan eta Negurin egindako manifestazioan euren aldarriak ozen zabaldu zituzten "enpresaburu diruzaleek" entzun zitzaten, eta salatu zuten zuzendaritzaren utzikeriak eraman duela lantegia egoera horretara.: "Haien ondorioak ez ditugu betikoak ordaindu nahi, Alconzan ez dago inor soberan!".

Gaur gaurkoz, azaldu dute Irizar Taldeko zuzendaritzak ez duela langileakaz negoziatu gura izan eta, horren aurrean, langileek exijitu dute aurkeztutako EEE-a bazter batean uztea eta lantegiaren bideragarritasuna bermatuko duen industria-plan bat osatzea.

Bitartean, herritarrei dei egin diete euren borrokagaz bat egiteko, eta iragarri dute hurrengo manifestazioa martxoaren 12an egingo dutela, Berangoko udaletxean, 18:00etan.

Argazki-galeria

Alconza langileak, greba mugagabean

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun