Gaur, apirilak 26, 58 egun bete dira Alconza lantegiko beharginek greba mugagabea hasi zutenetik. Atzora arte, lantegiko makinak isilik egon dira, Irizar Taldeak fabrika berangoztarra kudeatzeko kontratatutako Norgestion enpresak hori zabaldu eta makinaria piztea erabaki duen arte. Hala, gaur, atzo bezala, grebalariek protesta egin dute eraikinaren sarreran hori oztopatzeko.
Goizeko 07:00etan zuten deituta piketea, eta, Ertzaintza zain zuten arren, eserialdia egitea lortu dute atean. Euren asmoa izan da lantegiko ateak ez zabaltzea; halere, ertzainek banan-banan kanporatu dituzte ekintzaileak.
Harresia desegiten hasi dira. Langileak defentsa pasiboa egiten ari dira. pic.twitter.com/ztiHD5jpPC
— Iker Rincon (@irincon_) April 26, 2022
Gaurko jardunaldian, Ertzaintza ez da manifestarien kontra oldartu, baina unean-uneko tentsio momentuak bizi izan dira, baita karga txiki bat egin ere. Baina egoera lehengoratu da segituan.
Tentsio uneak bizi izan dira momentu batean, eta ertzainek karga txikia egin dute.
— Iker Rincon (@irincon_) April 26, 2022
Egoera lehengoratu da, baina tentsioa da nagusi pic.twitter.com/jl3AAduUvX
Behin herri-harresia deseginda, fabrikara sartzeko prest zegoen langile-taldea hurbildu da, goizeko 08:00ak aldera, ertzainez inguratuta, eta "eskirolak", "lotsabakoak" eta "Alconzan ez dago inor soberan" oihuen artean sartu dira lanera. Momentu gutxira, martxan zeuden makinen zarata izan da nagusi inguruan.
Alconzako grebalariek eskerrak eman dizkiete protestaldira hurbildu diren herritar guztiei, eta iragarri dute, fabrika martxan dagoen arren, "borrokan jarraituko" dutela euren lanpostuen defentsan.
Irizar Taldeko zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztu du Alconzak Berangon duen lantegirako, eta horrek langile-taldearen % 40a kaleratzea ekarriko luke, hau da, 38 pertsona. Horren aurrean, eta enpresak lantegi berangoztarra 2013an erosi zuenetik egindako "kudeaketa negargarria" salatzeko, beharginek makinak gelditu eta greba mugagabeari ekin zioten otsailaren 28an: "Borroka da dugun aukera bakarra". Daborduko 25 langileren kaleratzeak exekutatu ditu enpresak.