Otsailaren 28tik greba mugagabean dauden Berangoko Alconza enpresako beharginek eskualde mailako manifestazioa deitu dute biharko, maiatzaren 20rako. Horretan, Irizar Taldeak 25 langile kaleratu dituela salatuko dute, baita enpresaren bideragarritasuna bermatuko lukeen industria-plan bat aldarrikatu ere, "lana egon badagoelako, denontzako", aldarrikatu du Jon Perez Arrik, grebalarietako batek; "Alconzan ez dago inor soberan".
Berangotik Bilbora martxa egin zuten grebalariek joan den barikuan, maiatzak 13, euren aldarrikapenak Lakuako Gobernuari helarazteko eta EAJren egoitza den Sabin Etxearen aurrean protesta egiteko. Izan ere, lan-gatazka honetan Eusko Jaurlaritzaren "inplikazio falta" kritikatu dute behin baino gehiagotan Alconzakoek, baita Ertzaintza baliatuta jasan duten errepresio poliziala salatu ere. Besteak beste, greba-hausleek lanera joateari ekin ziotenean, hainbat istilu eta liskar bizi izan ziren lantegiaren inguruetan; are, LABeko ordezkari Aritz Azkona ospitalean artatu behar izan zuten, Ertzaintzak bera atxiki eta kolpatu ondoren.
Kaleratzeak auzitegietara, maiatzaren 24an
LAB sindikatuak lehen, eta ELAk ondoren, biek ala biek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira eraman dituzte Alconzako 25 kaleratzeak, horiek legez kanpokoak direla argudiatuta. Ildo horretan, sindikatuek azaldu dute Irizar Taldeak ez dituela Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete. Salatu dutenez, enpresak ez ditu langileei eragiten dizkieten irizpideak adierazi, eta, horren eraginez, greban ari diren langileak bakarrik kaleratu dituzte, eta ez lanera joaten jarraitzen dutenak. Horren harira, ziurtatu dutenez, Lan Agintaritzak bereziki nabarmendu du aspektu hori enplegu-erregulazioko espedientea izapidetzean egindako nahitaezko txostenean.
Bestalde, deitoratu dute Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek "ez dutela inola ere justifikatzen hartutako neurria", eta salatu dute Irizar Taldeak ez duela "inplikaziorik" Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei "irtenbide adostua eta ez traumatikoa" bilatzeko.
Epaiketa maiatzaren 24an, martitzenean, izango da, Bilbon.
Grebalariei babesa, Ormaiztegin
Alconza enpresan enplegua suntsitzen ari direla salatzeko asmoz, protesta egin zuten atzo, eguaztenean, Uribe Kostako Ernai gazte-antolakundeko kideek Ormaiztegin, Irizar Taldearen egoitza nagusiaren aurrean. Bertan, errepidea moztu eta grebalarien eskaerak bere egin zituzten: kaleratutakoak lanera bueltatzea, industria-plan bat gara dezatela eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa lan-gatazka honetan. "Enpleguaren defentsan eta bizitza duinen alde Uribe Kostako gazteok Alconzako langileekin borrokan!", aldarrikatu zuten.
Atzo Uribe Kostatik Ormaiztegira joan ginen Alconzako 25 kaleratzeen errudun den Irizar seinalatzera.
— Ernai Uribe Kosta (@ErnaiUribeKosta) May 19, 2022
Langileen aldarrikapenak eraman genituen bertara:
- kaleratuak haien lanpostuetara bueltatzea
- enplegu suntsiketa ekiditzeko Irizarrek plan industriala garatu dezala.
… pic.twitter.com/ZJXl9FSl5k