Ibai Aginaga berangoztarrari egindako ongietorria ari da ikertzen Espainiako Auzitegi Nazionala

Ander Zarraga 2022ko eka. 24a, 10:33

© TINKO

Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu du martxoaren 13an Berangon Ibai Aginaga preso ohiari egindako ongietorri-ekitaldiaren inguruan. Berangoztarrak ia bi hamarkada preso eman ondoren, Basauriko espetxetik atera zenean egin zioten ongietorria herriko frontoian.

Vox talde politikoak eta Villacisneros fundazioak ekitaldiaren harira aurkeztutako salaketengatik abitu du ikerketa Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kasua daraman Ismael Moreno magistratuak daborduko hiru pertsona inputatu ditu ekitaldiaren antolaketan parte hartzeagatik, eta Berangoko frontoia erabiltzeko eskaera egin zuen Kandaru kultur elkartea ere aipatu due ikerketan. Era berea, auzitegiak Berangoko Udalari ekitaldiagaz lotutako informazioa eskatu dio, eta Ertzaintzari eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzari ere argibideak eskatu dizkie.

Ekitaldiaren aurretik, martxoaren 11n, aipatutako alderdi politikoak, fundazioak eta Dignidad y Justicia elkarteak ekimena debekatzeko eskatu zioten Espainiako Audientzia Nazionalari, baina ez zuen beharrezkotzat hartu. Horren aurrean, Berangoko Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu zuen esateko ez zuela ekitaldi politikorik baimendu udal-pilotalekuaren erregelamendu arautzaileak ez dituelako baimentzen halako erabilerak; zehaztu zuen Kandaru kultur elkarteari baimena eman ziola udal-pilotalekuan bertso-saio bat eta bazkaria egiteko. Gaineratu zuenez, juridikoki ez da onargarria eskaera bat ukatzea, "suposizio, uste edo hipotesi subjektiboetan oinarrituta, arbitrariotasunez jokatzen delako".

Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak EPPK jakinarazia zuen horrelako ekitaldiak era pribatu batean egingo zituztela Berangoko ongietorria egin zenerako. Horretaz gain, Sortuk ez zuen bat egin ekitaldiagaz.

Aginagak 18 urte eman zituen kartzelan, 2003an, Espainiako Poliziak ETAko "Nafarroa Komando"-ko kidea izatea egotzita  atxilotu zuenetik. Aurretik, kale borrokari lotutako akusazioengatik ere atxilotu eta espetxeratu zuten; hala, guztira, 21 urte eman ditu preso. Hasiera batean, EPPK-ko kidea izan zen, baina duela zenbait urte utzi zuen kolektiboa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun