Alconzako langileak borrokan

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Alconzako kaleratzeak baliozkatu ditu

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 15a, 19:56

Alconzao beharginek joan den otsailaren 28an abiatu zuten greba mugagabea.

Berangoko Alconza lantegiak apirilean gauzatutako 25 kaleratzeak baliozkatu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, “enpresaren bideragarritasuna” bermatzeko justifikatuta zeudela iritzita.

Joan den uztailaren 12an emandako epaia ez da irmoa, baina, horren arabera, enpresak "kaleratze kolektiboa egiteko arrazoi ekonomiko eta produktiboak" argudiatzeko hartutako erabakia zuzenbidearen araberakoa da, eta, horrenbestez, LABek hasieran aurkeztu zuen demanda, eta gerora ELA eta CCOO sindikatuek bat egin zutena, errefusatu du.

Auzitegiak ez du onartu zuzendaritzak "immobilismoagatik" egindako fede txarreko negoziazioaren salaketa; izan ere, epaiak dioenez, "kaltetutako langileen kopurua murrizten joan zen enpresa, hasierako 38tik amaierako 25era; kalte-ordainaren zenbatekoa handitu egin zen; eta birkokatzeko plana eskaini eta hobetu zuen".

Gainera, ebazpenaren arabera, “agerikoa” da enpresak pilatu dituen galera ekonomikoak, eta, ondorioz, kaleratzeetarako "arrazoi ekonomiko eta produktibo argiak daude".

Egoera horren aurrean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak uste du "proportzionala" dela kaleratutako langileen kopurua, eta sindikatuen eskaerak errefusatu ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun