Vox alderdi ultraeskuindarrak eta Villacisneros fundazioak ekitaldiaren harira aurkeztutako salaketengatik abiatu zuen ikerketa Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kasua daraman Ismael Moreno magistratuak Kandaru Kultur Elkarteko hiru pertsona inputatu zituen ekitaldiaren antolaketan parte hartzeagatik. Era berean, auzitegiak Berangoko Udalari ekitaldiagaz lotutako informazioa eskatu zion eta Ertzaintzari eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzari ere argibideak eskatu zizkien.
Ekitaldiaren aurretik, martxoaren 11n, aipatutako alderdi politikoak, fundazioak eta Dignidad y Justicia elkarteak ekimena debekatzeko eskatu zioten Espainiako Audientzia Nazionalari, baina horrek ez zuen beharrezkotzat hartu. Horren aurrean, Berangoko Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu zuen esateko ez zuela ekitaldi politikorik baimendu, udal-pilotalekuaren erregelamendu arautzaileak ez dituelako baimentzen halako erabilerak; zehaztu zuen Kandaru Kultur Elkarteari baimena eman ziola udal-pilotalekuan bertso-saio bat eta bazkaria egiteko, izan ere, elkarte horrek zehaztu duenez, taldea 2018an sortu zuten, "gure inguruko kultura indartzea eta honen garapen hobeago baten alde lan egiteko".
Salaketa horren ondorioz, elkarte horretako hiru kidek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute abuztuaren 22an, astelehenean. Gainera, zehatu dutenez, Berangoko Udalak 500 euroko bina isun jarri die, "pankartak frontoiko hormetan itsasteagatik eta frontoiaren erabilera desegokiagatik". Isunak errekurritu dituztela azpimarratu dute elkartekoek, "baina oraindik erantzunik gabe jarraitzen dugu".
Horrez gainera, ohar baten bidez, Kandaru Kultur Elkarteak El Correo egunkariaren jarduna salatu du, "kanpaina hau elikatzeko eduki duen protagonismoagatik". Zabaldu duenez, egunkari horretako kazetari bat frontoira sartu zen eta hiru auzipetuen izen-abizenak argitaratu ei zituen atari digitalean, "gero ezabatu zituenak".