Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuko kideek mahai-gaineratu dutenez, euren moduko proiektuek inoiz baino garrantzia handiagoa dute: "Izan ere, erabat agerian geratu da aurtengo uda kiskalgarri eta idor honen ostean bertoko nekazaritza eta elikadura subiranotasuna ezinbestekoak direla krisi ekologiko honen baitan". Hala ere, deitoratu dute euren proiektua lekututa dagoen lursailean aurreikusita dagoen plan urbanistikoak kontrako norabidekoa dela, "zortzi hektarea baino gehiago hartzen dituen lur emankorrak, nekazaritza eta abeltzaintzarako erabilera dutenak, deuseztatuko baititu".
Ildo horretan, ortu komunal hori husteak "espekulazio proiektu hutsa" dela salatu dute, "gutxi batzuen etekina guztion etorkizuna hipotekatzearen kontura lortuko duena".
Horren aurrean, euren proiektuaren biziraupena bermatzeko asmoz, kanpaldia egingo dute aste-akabu honetan, barikutik domekara, Otxandategi dorretxearen ondoko landan bertan. Egun horietan, mahai-inguru, bertso-bazkari, kontzertu eta tailerrak antolatuko dituzte. Gainera, bihar epaituko duten euren kideari babesa emateko elkarretaratzea egingo dute Getxoko epaitegien aurrean, 09:30etik aurrera.