Joan den apirilean aurkeztu zuten proiektua, XV. mendeko Otxandategi dorretxearen lurretan. Uztailean, baina, eremu horretako ugazabek ekintzaileak salatu eta lurzorutik ekimeneko kideak kanporatzeko epaiketa izan zuten joan den irailaren 21ean Getxoko Epaitegietan. Otxantegi Herri Lurra proiektuko ekintzaileek diotenez, egitasmoa bultzatu zutenean "ahozko akordioa" lortu zuten tokiko jabeakaz lurrok erabili ahal izateko: "Bazekiten hemen geundela, baina orain salatu eta kanporatu nahi gaituzte".
Egitasmoaren helburua da baserriaren eta hiriaren arteko zubi lana egitea. Horretarako, hainbat ekimen bultzatu dituzte bertan, hala nola baratze komunal bat garatzea. Izan ere, aktibistek deitoratu dutenez, azkenengo urteetan eskualdeak bizi izan duen urbanizazio-prozesuek "ia ezinezko" egin du nekazaritzan aritzea: "Oso zaila da gaur egun lurra lantzeko lursail bat aurkitzea nekazaritzan hasteko".
Proiektua Berangoko jendeari eta ingurukoei hurreratu gura diote, eta epe luzerako mantentzea. Horretarako, "hauspotze akanpada" abiatu dute aste-akabu honetan Otxandategi dorretxearen ondoko lurretan.