Berangoko beste hamabost pertsona deitu dituzte deklaratzera Auzitegi Nazionalera, ongietorri baten harira

Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 09:58

Martxoan geratu zen aske Ibai Aginaga berangoztarra, ia hogei urteren ostean. © GEDAR

Azaroaren 17an eta 18an Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute, Ibai Aginaga preso ohiaren ongietorriaren harira. Abuztuan beste hiru lagunek deklaratu zuten, “terrorismoa goraipatzea” egotzita. Berangoko inputatuek salatu dute militantzia eta antolakunde politikoen aurkako jazarpena “agerikoa” dela Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenetan.

2022ko martxoaren 13an Berangon (Bizkaia) Ibai Aginaga euskal preso ohiari eginiko ongietorriaren harira hamabost lagun deklaratzera deitu dituzte azaroaren 17an eta 18an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Inputatuek ohar batean salatu dute “norbanakoen aurkako eraso judiziala” izateaz gain, antolakunde politikoen aurkako jazarpena eta kontrola “agerian” geratu direla Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak aurkeztutako txostenetan.

“Askatasun politikoaren defentsa” egiteko beharra azpimarratu dute, erantzun kolektiboaren bidez: “Errepresioak ez du helburu indibiduala, kolektiboa baizik, eta nahitaez honi eman beharreko erantzuna ere kolektiboa izan beharko da”. Dei egin diote “euskal langile klaseari” antolatuko dituzten salaketa ekimenetan parte hartzera.

“Terrorismoa goratzea” egotzita

Ibai Aginaga euskal presoak ia hogei urte igaro zituen espetxean, eta martxoan atera zen Basauriko kartzelatik. Berangoko frontoian, Aginagaren herrian, antolatu zioten ongietorriak soka luzea ekarri du. Abuztuaren 22an, esaterako, beste hiru lagunek deklaratu behar izan zuten Auzitegi Nazionalean, “terrorismoa goraipatzea” egotzita inputatu zituztelako. Auzipetuek azaldu zuten ekitaldia pribatua izan zela, eta ez zela deliturik egon.

Vox-ek, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak eskatuta ireki zuen ikerketa Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gainera, Berangoko Udalak (EAJ) isunak ezarri zizkien antolatzaileei: hiru hilabeteko bina debeku udal instalazioak erabiltzeko eta 500 euroko bina isun, frontoiko paretetan pankartak itsasteagatik eta frontoiaren “erabilera desegokiagatik”.

Sortuk eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) ez zuten bat egin ongietorriarekin, zenbait hilabete lehenago jakinarazi baitzuten ekitaldi horiek publikoki egiteari utziko ziotela. Aginagak urte batzuk lehenago utzi zion EPPK-ko kide izateari.

Artikulu hau ARGIA.EUS-ek argitaratu du, eta cc-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun