Terrorismoa goraipatu izana ukatu dute Kandaru Kultur Elkarteko kideek

Ander Zarraga 2022ko abu. 23a, 12:49

2011ko abenduan euskal presoak etxeratzeko egindako ekimena Berangoko frontoian, artxiboko irudian.

Ibai Aginaga preso ohiari martxoaren 13an Berangoko frontoian egindako ongietorriaren harira, Espainiako Auzitegi Nazionalean atzo deklaratu zuten Kandaru Kultur Elkarteko hiru kideei terrorismoa goratzea leporatzen diete; akusatuek, ordea, hori ukatu zuten eta ekitaldi "pribatu" bat izan zela eta ez zela deliturik egin adierazi zuten.

Auzia izapidetzen ari den Ismael Moreno epaileak ez du auziaren inguruko beste erabakirik hartu, eta Europa Press albiste agentziaren arabera, oraindik Polizia Judizialari eskatutako txostenaren zain dago. Vox alderdi ultraeskuindarrak, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak ekitaldia salatu zutelako abiarazi zuen ikerketa Espainiako Auzitegi Nazionalak, "terrorismoa goratzea" leporatuta. Horren ondorioz, epaileak ekitaldia antolatzeaz arduratu omen ziren Kandaru Kultur Elkarteko hiru kide deklaratzera deitu zituen atzo, abuztuak 22.

Akusatuek adierazi zuten Berangoko frontoian egin zuten ekitaldia pribatua izan zela, ateak itxita egin zutela eta ez zela inolako deliturik egon. Halaber, Kandaru Kultur Elkarteko kideek "kriminalizazio kanpaina mediatiko, politiko eta judiziala" salatu dute beraien aurka. Alde batetik, El Correo egunkariaren jarduna salatu dute, "kanpaina hau elikatzeko eduki duen protagonismoagatik". Azaldu dutenez, ekitaldiaren egunean komunikabide horretako kazetari bat frontoira sartu zen eta hiru auzipetuen izen-abizenak argitaratu ei zituen atari digitalean, "gero ezabatu zituenak". Bestetik, Berangoko Udalak jarri dizkien zigorrak ere nabarmendu dituzte: hiru hilabeteko bina debeku udal-instalazioak erabiltzeko eta 500 euroko bina isun, frontoiko paretetan pankartak itsasteagatik eta frontoiaren "erabilera desegokiagatik".

Inputatuei elkartasuna adierazko elkarretaratzea egin zuten atzo, astelehena, 20:00etan, Berangoko Gudarien plazan.

Salatzaileak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Vox alderdi ultraeskuindarrak eta Villacisneros fundazioak ekitaldiaren aurka jarritako salaketak ikertzea onartu zuen, eta, horretarako, hori antolatzeaz arduratu omen ziren hiru akusatuak deklaratzera deitu zituen atzo. Bere aldetik, Dignidad y Justicia elkarteak egindako salaketan adierazi zuenez, "Aginagari egindako ongietorrian zeuden 200 pertsona baino gehiagok pasillo bat egin zioten presio ohiari eta borrokaren aldeko kantuak egin zituzten". 

Villacisneros fundazioarentzako terrorismoaren goratze "argia" izan zen, "Zigor Kodearen 578. artikuluan tipifikatua dagoena, eta, horregatik, erakunde publikoei hori galarazteko deia diegu". Era berean, horrelako ekitaldiak debekatzeko eskatu zieten Eusko Jaurlaritzari, EAEko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari eta Berangoko Udalari ere.

Aipatutako hiru erakunde salatzaileek ekitaldia egin aurretik hori debekatzeko eskatu zioten Espainiako Auzitegi Nazionalari, baina horrek ez zuen egokitzat jo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun