Lehenengo bi talde horien artean etxebizitza guztiak esleituko ez balira, adingabeko seme-alabaren bat udalerrian erroldatuta dutenei eskainiko zaizkie, aurreko baldintza bete ez arren. Horien ondoren, lehentasuna izango dute Berangon lan egin dutenak eta Uribe Kostako udalerriren batean erroldatutakoak (Lemoiz eta Leioa bitartean) izango dira onuradunak.
Horiek guztiek eskaera bete beharko dute sustatzen dituzten eraikuntza-enpresen webguneetan, Inmogroupen edo Beransukian, hurrenez hurren, edota haien bulegoetan, oinarrietan jasota dagoen bezala.
Alokairuzko etxebizitza sozialak
Alokairu soziala sustatzea da oposizioaren eskaera historikoetako bat, eta, horren harira, Anabel Landa alkate jeltzaleak El Correo hedabideari jakinarazi dionez, txosten eguneratu bat eskatu ei dio Visesari udalerriko auzokideetatik zenbatek nahiko luketen halako etxebizitzaren bat jakiteko. Era berean, adierazi zuen "aukera dagoela lurzorua doan lagatzeko Eusko Jaurlaritzari, era horretako etxebizitzen eraikuntza erakunde horrek administra dezan".