Elkarrizketak

Anabel Landa: "Berangon bi erronka nagusi ditugu etorkizunera begira: zerbitzuak eta ingurugiroa"

Nahia Martinez Gondra 2023ko ots. 10a, 11:00

Anabel Landa 2007tik da Berangoko alkate.

Agenda 2030 Tokiko Plana Euskadin martxan jarri duen lehenetariko udala da Berangokoa. Egitasmo honek, lau dimentsio, 19 ildo estrategiko, 47 programa eta 150 ekintzek osatzen dute, eta oinarritzat du Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak eta Euskadi mailako "Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna bermatzea" izenekoa. Horregatik, Berangoko alkate den Anabel Landagaz elkartu gara tokiko plan berriaren nondik-norakoak ezagutzeko, baita udalerriak dituen beharrez aritzeko ere.

Hasteko, zer da Berango 2030 Tokiko Plana?

Plan hau Agenda 21etik dator, baina, aurrekoagaz alderatuta, ezberdintasun handi bat du: lehenengoa, ingurugiroagaz estu lotuta zegoen, aitzitik, plan berri hau guztiz transbertsala da, eta gai guztiak barnebiltzen ditu. Gaur egunetik 2030era jarraitzeko bide-orria da; hala ere, urtero eta bost urterik behin berrikuspen bat edukiko du, eta beraz, ez da itxia. 

Zertarako balio du?

Plan honek 18 helburu biltzen ditu: Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 Helburu (GJH), eta Euskadin dugun "Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna bermatzeko" izenekoa. 2030eko planaren bidez xede horiek guztiak kontuan hartuko dira Berangoko herriaren etorkizuna zehazteko.

Nork osatu du? Gobernu-taldeak ala oposizioak ere parte hartu ahal izan du?

Gobernu-taldeak eta udal-teknikariek osatu dugu. Zirriborroa oposizioari pasatu zitzaion, baina ez dugu euren partetik erantzunik jaso. Bestalde, herritarrei ere aukera eman zaie haien ekarpenak egiteko, baina proposamen bakarra jaso genuen.

Zein izan zen ekarpen hori?

Herriaren hazkundeagaz kontuz ibiltzeko adierazi ziguten. Horri lotuta, guk argi daukagu hemendik aurrera gure erronka badela hazkunde horrekin datozen herritar berriei, eta artekoei ere, zerbitzuak ematea.

Hala ere, nabaritu dugu beste prozesu parte-hartzaile batzuekin alderatuta Agenda 2030 oraindino nahiko ezezaguna dela herritarren artean. Beraz, gure helburu nagusia da ezagutaraztea zer den tokiko plan berri hau, eta aztertzea horregaz nola ase ditzakegun herrian dauden beharrak.

47 programa eta 150 ekintza zehatz ditu; horietatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke, eta zergatik?

Gure ekintza nagusiak ditugun beharretara zuzenduta daude, eta Berangon bi erronka nagusi ditugu: zerbitzuak eta ingurugiroa. Alde batetik, herria handitzen doan heinean, zerbitzuak biztanleriara ere egokitu behar ditugu. Horretarako, Icaza jauregiaren proiektua dugu, zerbitzu kulturalak handitzeko toki baliagarria izango dena. Bestalde, Berangoko udaletxearen ondoan dagoen Elizondo etxea eskuratu gura dugu desjabetzearen bidez. Modu horretan, zerbitzu administratiboa handituko dugu, bereziki Udaltzaingoan, toki-falta dutelako.

Beste aldetik, ingurugiroagaz lotuta, Berangok erronka oso garrantzitsu bat dauka esku artean: hondakinen birziklatze-tasa, oso baxua delako. Agintaldi honen hasieran prozesu parte-hartzaile bat ere egin genuen hori konpontzeko, baina partaidetza oso baxua izaten da gai horretan.

Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 helburuez gainera, hizkuntza eta kultura aniztasuna bermatzea oinarri hartu duzue, zergatik?

Hizkuntza egoera berezi bat dugu, beste herrialde batzuetan ez dagoena. Gure kasuan, gure hizkuntza daukagu eta hori bultzatu beharra dago. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu gure kultura babestea, gorde eta zaindu beharreko zerbait delako.

Euskadin mota honetako tokiko plan bat burutzen duen lehenengotariko Udala da Berangokoa. Zergatik atzeratzen ari da besteetan?

Ezin dut zehazki jakin zergatik beste udaletan atzeratzen ari diren. Baina, egia da, nik zailtasunak eduki ditudala agenda hau gauzatzeko momentuan. Lehenengotarikoa izanda, ezin dugu ziurtasunez jakin nolako emaitza izango duen; baina hobetu egin daitekeela, hori argi daukat.

Orduan, suposatzen dut, hemendik aurrera, beste udal batzuek ere egin ahala, gurea hobetzeko ideia berriak hartuko ditugula. Niretzat, pertsonalki, tokiko plan hau burutzea oso garrantzitsua da, modu horretan, pertsonen ongizateagaz erlazioa duen bide-orri hori markatuta dugulako.

/PublishingImages/slider-berango-2030-eus.jpg

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun