Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Gure programa pertsonarengan oinarritzen da; berangoztarren beharrei erantzuten diegu. Kultura-, gizarte- eta kirol-zerbitzu hobeak eta berriak egin nahi ditugu, eta etxebizitza babestuaren alde egitea da gure helburua gazteak Berangon mantentzeko. Era berean, oztopo arkitektonikoak kentzea da gure asmoa auzo guztietan. Halaber, garapen berrietan bidegorriak egitea aurreikusten dugu, mugikortasun iraunkorraren alde eginez.
Zeintzuk dira zuen ustez Berangok dituen arazo nagusiak?
Arazoez hitz egin beharrean, erronkez hitz egingo nuke. Legealdi honetako erronka nagusia zerbitzuen kalitateari eustea da, eta, gainera, berangoztar berrien eskaerei eta beharrei erantzutea.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Talde anitza gara, konprometitua, udalerria ezagutzen dugu, eta, garrantzitsuena, entzutean eta parte-hartzean oinarritzen dugu bere kudeaketa. Hori da gure konpromiso irmoa.
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Oso goiz da orain itunei buruz hitz egiteko. Maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzak izan arte itxaron beharko da. Gero ikusiko genuke nola eratzen diren gehiengoak, osoko bilkuran egonkortasuna bermatzeko. Nolanahi ere, akordioak oinarrizkoak dira politikan. EAJk urte askotan erakutsi du, baita Berangon ere. Guztion ongia lortzeko akordioak beharrezkoak dira.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Berangoko EAJk proiektu bat du gure herriarentzat. Berangori etorkizunerako proiektu bat eskaintzen diogu. Benetakoa, serioa, iraunkorra, eta, batez ere, ilusioz beterikoa. Ondo definitutako eta egiaztatutako ekintza-programetan aurrera egiten duen alderdi bakarra gara. Proiektu horrek, gainera, lagun ditudan emakume eta gizon guztien konpromisoa du, eta EAJren ibilbidea eta egiteko eredua bermatzen ditu.
Hautagaitza honen programa osoa ikusteko, sakatu hemen.