2022ko apirilean aurkeztu zuten nekazaritza kaletarrei gerturatzeko Otxantegi Herri Lurra proiektua Berangon, XV. mendeko Otxandategi dorretxearen lurretan. Egitasmoaren barruko ekintzaileek HIRUKAri jakinarazi ziotenez, ekimena bultzatu zutenean "ahozko akordioa" lortu zuten tokiko jabeakaz lurrok erabili ahal izateko: "Bazekiten hemen geundela". Hala ere, handik gutxira, salaketa jaso eta lursailetik kanporatzeko prozesua abiatu zuten.
Hala, joan den urteko irailean epaiketa-prozesua abiatu zen, eta, bi urteko auzibidearen ondoren, epaileak eremu hori desalojatzeko agindua eman du, azaroaren 23a epemuga jarrita. Horren aurrean, ekintzaileek azpimarratu dute herri-proiektua defendatzen jarraituko dutela "urbanismo basatiaren aurrean, espekulazioa babesten duten legeen kontra egin behar badugu ere". Izan ere, lursail horretan etxebizitzak eraikitzeko asmoa dagoela salatu dute Otxantegi Herri Lurra proiektuko kideek.
Defentsarako deia eginda, goizeko 08:30ean jarri dute hitzordua dorretxearen ondoko lursailean: "Ezin diegu Uribe Kostako nekazal lur guztiak suntsitzen utzi, ezta gure etorkizunak hipotekatzen ere; zertarako eta lur-jabe eta eraikitzaileen patrikak betetzeko".
Nekazaritzaren aldeko kideek azaldu dutenaren arabera, lursailaren jabeek "30 milioi euro irabazi nahi dituzte 'pelotazo' horrekin". Are, azpimarratu dute Otxantegi lurrez gainera, zortzi hektarea lur "gal" daitezkeela inguruan urbanizazio-prozesu horren ondorioz. "Krisi ekologiko bete-betean, gertuko elikagaien ekoizpena eta elikadura burujabetzaren garrantzia azpimarratzen den honetan, halako proiektu urbanistiko ustela ekozidio hutsa da, baita etorkizunerako kondena ere", deitoratu dute.
Era berean, Berangon "neurrigabe" eraikitzen ari direla salatu dute, eta deitoratu dute, "etxebizitza eskubidea bermatzeko bidea dela sinetsarazi nahi diguten arren", prezioek igotzen jarraitzen dutela eta alokairuek gero eta gehiago estutzen dituztela herritarrak. Hartara, hirigintza-politika hori soziala eta ekologikoa ez dela azpimarratu dute.