Alconzako langileak borrokan

Epaitegietan deklaratu behar izan duen Alconzako lehenengo langileari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 9a, 11:28

Atzoko elkarretaratzea, Getxoko epaitegien aurrean. © LAB SINDIKATUA

Berangoko Alconza lantegiko 25 kaleratzeak geldiarazteko asmoz egindako bost hilabeteko grebaren harira deklaratu behar izango dute hilabeteotan lau beharginek. Lehenengoak atzo egin zuen, Getxon. Horren aurrean, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen epaitegien aurrean. Horren bitartez, langileari babesa eman eta haien kontra irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatu zuten.

Lantegiko 25 behargin kaleratu zituen iaz Berangoko Alconza enpresak, tailerreko 21 langile, eta bulegoko beste lau. Despeditze horiek gauzatu aurretik, bost hilabeteko greba burutu zuten beharginek, eta borroka horren ondorioz, lau grebalarik deklaratu beharko dute Getxoko epaitegietan.

LAB sindikatuak gogoratu du grebak iraun zuen bitartean errepresioak ez zuela etenik izan, "isun ekonomikoak jaso genituen Mozal Legea aplikatuz, eta Ertzaintzak hainbat langile jipoitu eta zauritu zituen". Horrez gainera, sindikatuak deitoratu du, gainera, Alconzak, "Irizarren oniritziarekin", beharginen aurkako prozesu judizialei eustea erabaki du eta, horren aurrean, LABek auzi horiek bertan behera uztea exijitu du. "Langileen eskubideak, gure eskubideak eta lanpostuak defendatzea ez da sekula delitua izango".

Horregatik guztiagatik, sindikatu horrek paroak eta elkarretaratzea deitu zituen atzorako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun