Hasteko, nondik dator Berangon genero-mapa bat egitearen ideia?
Hauteskundeak baino lehen, emakumeen segurtasunari begira, taldean ondorioztatu genuen hainbat gune zeudela hobetzeke. Hala, gobernu-taldea osatu bezain laster, parte-hartze ekimen bat garatu, eta ondorioztatu genuen herritarrak ere bat zetozela ideia horrekin. Auzokideak kexu ziren hainbat lekutako argitasun-mailarekin, baita heskaien tamainarekin, besteak beste, betiere segurtasunaren ikuspegitik.
Hori horrela, erabaki genuen genero-mapa bat osatzea. Zerbait integrala izatea nahi genuen, ahalik eta jende gehienaren parte-hartzea izango zuena, eta uste dut lortu dugula.
Zenbat lagunek parte hartu dute egitasmo horretan?
Hainbat saio egin ditugu, elkarte zein norbanakoekin. Guztira, sei elkartek parte hartu dute, hala nola jubilatuenak, emakumeenak eta kirol taldeak. Gainera, herri-mailan inkesta bat egin genuen, eta 102 pertsonak parte hartu zuen, gehienak emakumeak: 97. Nabarmenduko nuke, gainera, parte hartu duten gehienak auzokide gazteak izan direla.
Egindako lanaren ostean, esango zenuke Berango udalerri arriskutsua dela?
Ez, inondik inora. Eta ez diogu guk, herritarrek baizik. Herri-mailan egindako inkesta globalean, besteak beste, segurtasuna jorratzen zen, eta inkestatutako auzokideen % 77k uste zuen Berango udalerri oso segurua dela, eta segurutzat hartzen dutenak kontutan hartuta, kopurua % 90ekoa da. Era berean, % 68k uste du Berangon ibiltzea segurua dela, baina kopuru berak azpimarratzen du norbait abisatzen dutela etxera heltzen denean edota ibilbidea aldatzen duela, segurua ez delakoan. Horren aurrean, genero-maparen bidez, seguruago sentitzeko emakumeek gizonek baino metro bat gehiago ere ez egitea nahi dugu.
"Udal-teknikariekin hitz egin dugu, etorkizunean Berangon garatuko diren proiektu urbanistikoetan oinarri hauek kontuan har ditzaten eta, horrela, puntu-beltz eta gune arriskutsu gehiago sor ez daitezen"
Zeintzuk puntu beltz edo gune arriskutsu identifikatu dituzue?
Segurtasuna oso gauza pertsonala da, baina emakume bakar batek gune bat segurua ez dela iritzi badio, hori puntu beltza izango litzateke. Berangon antzeman ditugun arazo gehienak, %70, argitasun-faltarekin daude lotuta, eta ia erdia gehiegizko begetazioagatik eta argitasun-faltagatik. Egoera hori ematen da, adibidez, Maisuen parkean; gune naturalizatua da hori, eta argiztatutako bideak dauden arren, gauez, metrotik datozenak gune ilun batekin egiten dute topo. Miliaren gunea ere, duen argitasunaren faltaz gainera, kotxeak baterian aparkatuta daude, eta horien artean norbait ezkutatuta egon daitekeelako identifikatu dugu puntu beltz ere.
Horiek beren-beregi ezagutzeko ibilbide bi egin dituzue apirilean...
Bai, ibilbide bi egin genituen udalerriko elkarte, teknikari, alkate eta Udaltzaingoaren nagusiarekin batera. Seguruak ez direlakoan hautemandako guneetatik ibili ginen eta, guztira, 16 eremu identifikatu genituen, hala nola Maisuaren parkea, udaletxerako eskailerak, Milia, Intxaurraga, Kirolgunea, Gorrondatxe... Arazo asko erraz konpon daitezke, argi-puntu gehiago jarrita, adibidez. Hala ere, badaude inbertsio handiagoa beharko dutenak, eta horiek hurrengo urterako utzi beharko ditugu.
Egindako analisia aurkeztuko duzue jendaurrean gaur; zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Hau ez da gaur amaituko; aurten abiatutako genero-mapa bat da, eta ez da amaituko legegintzaldi osoan. Gainera, etorkizunean etorriko direnek ere honekin jarraituko dutela espero dut. Kontuan izan behar dugu ere udalerria aldatu egiten dela gauetik egunera, eta negutik udara. Hala, jarraipena egin beharko diogu egitasmoari ikusteko guneak zelan aldatzen diren, edota puntu beltz gehiago agertzen diren. Hori dela eta, aurreikusten dugu jarraipen integrala egin behar dela 16 eremuotan, baita puntualak ere teknikariekin ikusteko egindako esku-hartzeek arazoak konpontzen dituzten ala ez. Gainera, urtero, asmoa da herritarrekin batzea puntu berriak antzemateko.
Horrez guztiaz aparte, paraleloki, udal-teknikariekin hitz egin dugu, etorkizunean Berangon garatuko diren proiektu urbanistikoetan oinarri hauek kontuan har ditzaten eta, horrela, puntu-beltz eta gune arriskutsu gehiago sor ez daitezen.