Elkarrizketak

I. Arburua, N. Iturregi eta M. Lozano: "Biztanleriaren erdiak bizitako prozesu onuragarria da hilekoa"

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 11a, 11:58

Zizurkilgo Iraia Arburuak, Gorlizko Nekane Iturregik eta Barakaldoko Maider Lozanok sortutako proiektua da Gorriaz dokumentala. Euren helburua da "sexu-hezkuntza lantzea, hilekoaren hezkuntza bereziki, ikuspegi feminista batetik abiatuta". Horretarako, Euskal Herriko, Hego Koreako eta Indiako emakumeen esperientziak jaso dituzte, hilekoa herrialde ezberdinetako emakumeek nola bizitzen duten ikusarazteko. Maiatzaren 30ean dokumentalaren aurkezpena egin zuten, Berangon. Hala, lehen eskutik ezagutu dugu nolakoa izan den dokumentalaren prozesua. 

Nola sortu zen Gorriaz proiektua?

Hirurok egin dugu Leinn Gradua, Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza ikasketak. Maiderrek eta Nekanek Bilbon, eta, Iraiak, berriz, Irunen, baina Seulen (Hego Korea) ezagutu genuen elkar. Maiderrek eta Nekanek bazuten ibilbide bat eginda proiektuarekin eta gaiarekin, eta egun batean, proiektuei buruz hitz egiten ari ginela, Iraiari asko interesatu zitzaion Gorriaz. Beraz, emaitza hobea lortzeko taldean lan egitea erabaki genuen.

Hilekoarekiko ikuspegia aldatu zaizue dokumentala egin ostean?

Hilekoari buruz berba egiterakoan, alderdi batzuetan ezjakintasuna sentitu genezakeen kontziente izan gabe. Ezagutza asko falta da, eta horregatik da hain interesgarria emakume desberdinen ikuspegiak ezagutu ahal izatea. Bertatik ikasi eta bakoitzaren pribilegioei buruz hausnartzeko aukera ona da.

Zuon lan ildoen artean, guneen transformazioa aipatzen duzue.

Bai, kasu honetan, leku inklusiboen sorrera eta transformazioa beharrezkoa ikusten dugu, gune asko ez daudelako prest hilekoaren produktuen erabilera duin batentzako. Bestalde, gune sozialetan ere oraindik ezagutza falta handia dago. Izan ere, prozesu natural, beharrezko eta onuragarri hau biztanleriaren erdiak bizi du.

Euskal Herriaz gain, India eta Hego Korea ere aztertu dituzue. Zergatik?

Unibertsitateko bidaia aprobetxatuz, Hego Korean pasa genituen bi hilabete, eta beste bat Indian. Oso interesgarria iruditu zitzaigun hilekoari buruzko perspektiba eta bizipen globalak zabaltzeko aukera dokumental formatuan egitea, eta honen baitan hausnarketa desberdinak egitea ere.

Non nabaritu duzue tabu gehiago?

Egia da Indiako elkarrizketak eta bizipenak gogorragoak sentitzen ditugula, bertako sinismenak, emakumeen egoera eta hilekoari buruzko ezjakintasuna handiagoa delako. Baina egia da ezjakintasun hori herrialde guztietan sentitu dugula, maila ezberdinetan bada ere. Horregatik, herrialdeen arteko antzekotasunak ere nabaritzen dira dokumentalean.

"Dokumentala mugikorrarekin grabatuta dago. Lan dezente eman digu edizio lanak, baina egia da baliabide gutxirekin lan polita egin daitekeela"
Zerk harritu zaituzte gehien dokumentala egiterakoan eta lurralde horietako testigantzak ezagutzerakoan?

Indiaren kasuan, harritu gintuen bertako komunak eta kabinen higieneak. Gainera, produktu batzuk edo beste batzuk erabiltzeko hautuan erlijioak duen eragina ere harrigarria da. Hego Korean, emakumeek estetika arloan sentitzen duten presioa ikusi genuen, eta horrek eguneroko alderdi guztietan nolako eragina duen. Ez ziren eroso sentitzen hilekoaz hitz egiten. Amaitzeko, Euskal Herrian, ikusi dugu orokorrean ez dela eskolan hilekoaz berba egiten. Ikusezina den gai bat dela nabaritu dugu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun