Auzokideak Lantzarte peatonalizatzearen kontra agertu dira

Iker Rincon Moreno 2025ko api. 18a, 08:30

Berangoko Lantzarte auzoa birmoldatzeko proiektuak ez ditu kaleak oinezkoentzat bihurtuko. Hala jakinarazi du tokiko Udalak, azken egunotan egindako herri-galdeketan auzokideek hala erabaki baitute. Iturrien arabera, auzoko kaleetan ibilgailuen pasabidea mugatu gabe erreformatzea proposatzen zuen proiektuak 37 boto jaso zituen; oinezkoentzat bihurtzea planteatzen zuenak, berriz, 29. Hala ere, aparkaleku bat egiteko egitasmoak aurrera jarraituko du, herritar askok euren kontrakotasuna adierazten jarraitzen badute ere.

EAJren esku dagoen Udalak ziurtatu du bozketa lotesle horren emaitza errespetatuko duela, eta babes handiena duen aukera gauzatuko dutela. Hala ere, gogoratu du 90 plazako aparkalekua eraikiko dutela ondoko zelaian, tokiko auzokide ugari horren kontra agertu diren arren.

Auzokideen elkartea hilabeteak daroatza proposamen alternatibo bat lantzen, aparkalekuaren beharra konpontzea planteatzen duena ingurunea erabat urbanizatu gabe eta zelaiko espazioei uko egin gabe.

Auzokideen ezinegona agerikoa da; azken asteetan lapiko-jotzeak eta elkarretaratzeak antolatu dituzte, eta balkoiak pankartaz bete dira. Gainera, udalbatzetara hurbildu dira prozesu parte-hartzaile zabalago bat eskatzeko; izan ere, aparkalekua onartzeko bozketan auzokide guztiek parte hartzeko aukera izan ez zutela salatu dute behin baino gehiagotan.

Protestak gorabehera, Itziar Aginagalde alkateak berretsi du proiektuak aurrera egingo duela, “interes orokorrari” erantzuten diolakoan. Alabaina, auzokideek 300 sinadura baino gehiago bildu dituzte proiektua geldiarazteko eta alternatiba bideragarriago bat gauzatzeko, eta daborduko modu formalean entregatu dizkiote gobernu-taldeari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun