Berango Kantari: "Berango Kantarira gazte asko hurbiltzen dira; hori polita eta esperantzagarria da"

Ander Zarraga 2025ko abu. 1a, 14:17

Jaietan etorkin gazteakaz egindako saioko une bat. © BERANGO KANTARI

Abesteko gogoa duten herritarrei zabal-zabalik dagoen taldea da Berango Kantari. Jaietarako prestatzen ari diren arren, urte osoan zehar euskal kantutegiaren inguruan herria egiteko grina dute.

Berango Kantari "ekimen parte-hartzaile eta ireki bat" bezala deskribatzen dute hori osatzen duten kideek. 2017ko martxoan sortu zen talde hau, euskaraz abesteko nahia eta grina duen edozein herritarri zabalduta dagoen ekimen herrikoia da. "Hainbat kide gara, eta talde dinamizatzaile txiki bat egon arren, kantuzale guztiak ongietorriak dira". Diotenez, beste talde batzuekaz alderatuta, euren kideetako askoren gaztetasuna da azpimarratzeko eta pozez betetzeko ezaugarrietako bat.

Betiko euskarazko abestien eta berriren bat dituen errepertorio zabala daukate, baina beraien kantaldien amaieran beti egiten diote keinu bat euren udalerriari, Berango txiki abestia izaten baita azkena. "Jendeak gogotsu eta maitasunez itxaroten duen abestia da".

Berangoko jaiak ilusio handiz eta parte hartzeko gogoarekin hartzen ditugu, gure sorreratik horietan abestea bermatu nahi izan baitugu", azaldu dute. Hala, aurten ere, Santa Ana eta Santo Domingo festetan herriko kaleak kantuz beteko dituztela baieztatu dute. Hala, urtero legez, Santa Ana ospakizunetan bazkari herrikoia egingo dute; uda honetan ere 200 lagun inguru batzea espero dute.

Horrez gain, urtean zehar, hilabete bakoitzeko azken barikuan, herritik abestera ere ateratzen direla jakinarazi dute. Diotenez, "jendeak hitzordu hori barneratuta dauka eta nahiko polita izaten da". Gainera, ekimen horietan udalerriko auzoak ere bisitatzen dituzte hiru hilabeterik behin.

Beraien izaera ireki eta parte-hartzaileari men eginez, Berango eta Getxo artean Fadura inguruan bizi diren gazte etorkinak ere gonbidatu zituzten iazko jaietako kantujirara eta bazkarira. "Esperientzia ederra izan zen eurekin batera abestea eta aurten ere errepikatzen saiatuko gara", adierazi dute.

Kantatzeak kristoren poza ematen digu. Kantatzea herria girotzea, berangoztarrak batzea eta gure ama hizkuntzan abesteko ohitura berreskuratzea da guretzat", adierazi dute taldeko kideek.

Erlazionatuak

Berangoko azkenak

Iker Rincon Moreno uzt 30 Berango

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun