Gaur, abuztuak 4, Berangoko Santo Domingo eguneko ospakizun betean, Viconsa enpresako makinak sartu dira Lantzarteko berdegunean zuhaitzen mozketa eta Berangoko elizaren inguruan aparkalekua urbanizatzeko egikaritze-proiektuaren lanak hasteko. Hala jakinarazi du bertan egin gura duten aparkalekuaren aurkako administrazio bidezko alegazio bi aurkeztu dituen Lantzarte Bizirik herri elkarteak.
"Joan den astean, proiektuan aurreikusitako obrak gauzatzeak ukitutako espazioak seinaleztatzeko jarduketak hasi zirenez –exekuzio-lanei hasiera emateko asmoaren zantzua, gutxienez–, elkarteak beste errekurtso bat aurkeztu zuen, kasu honetan, Udalari legezko ohartarazpen gisa, berrikuspen-eskaeraren xede diren egintzak egikaritzeari uko egiteko eskatuz, obrak egitea ekar dezaketen jarduketen bidez", azaldu dute plataformako kideek.
Uztailaren 18an beste errekurtso bat aurkeztu zuten Berangoko Udalean, alegazioetan proiektuaren kautelazko geldiarazpena eskatzen zuena, "Hiri Antolamendurako Plan Orokorra urratzen duelako, eta proiektua abiatzea legez kanpokoa izango litzatekeelako".
Plataformaren arabera, Udalak ez die inolako erantzunik eman alegazioei, ezta proiektua berrikusteko eskariei buruzko jakinarazpenik ere. Horren aurrean, gaur goizean Lantzarten makinak lanean hastea "lege-irregulartasun larria" dela salatu dute. "Ezin dira obrak hasi ezta ondasunak okupatu ere, kautelazko neurria ebatzi arte", adierazi dute.
Gainera, elkarteak jakinarazi du Ertzaintzarekin eta Ingurumen Zerbitzuagaz harremanetan jarri direla, inguruan badaudelako espezie babestuak, hala nola gorostia (Ilex aquifolium). Horrez gain, berehalan hasi gura duten mozketa-lanetan 30 bat fruitarbola moztuko dituztela ere gaineratu dute.