Astelehenean, abuztuaren 4an, Santo Domingo egunean, Berangoko Udalak martxan jarri zuen Lantzarteko 2.400 metro koadroko berdegunean aparkaleku eta errepide bat egiteko proiektua. Lanakaz hasteko, makina astunak sartu eta fruta-arbolak mozten hasi ziren. Hala ere, auzokideek lanak etetea lortu zuten, baina ohartarazi dutenez, "makinak justizia baino azkarrago mugitzen dira", beraz, mobilizazioa iragarri dute biharko, abuztuaren 6rako, 20:00etan, Berangoko metro-geltokitik abiatuta.
"Herriko jaiak eta herritarren gehiengoaren borondatea errespetatu gabe, eta Lantzarte Bizirik auzo-elkarteak aparkalekuaren eta errepidearen proiektuaren hirigintza irregulartasunak salatzeko eskariei erantzunik eman gabe" egin dutela salatu du Lantzarte Bizirik plataformak. "Gure herriarentzat festa eta alaitasun eguna izan beharko lukeena, auzoaren historia hurbileko egunik tristeenetakoa bihurtu da", deitoratu dute.
"Berangoko Udalaren ikur bihurtu den zementu politikagatik triste eta suminduta gaude, eremu berdeak eta erabilera herrikoiko guneak suntsitzen ari baitira", salatu dute euren adierazpenetan. Gainera, azpimarratu dute mota horretako proiektuek eragin zuzena dutela Berangoko herritarren osasunean.
Alkatearen adierazpenak
Bere aldetik, Itziar Aguinagalde Berangoko alkateak, Deia egunkariari adierazi dionez, proiektua udal-lurretan sustatu da eta indarrean dagoen araudiagaz bat dator: "Teknikariek idatzi dute, udal-organoek onartu dute eta sektore publikoko kontratuen legearen arabera esleitu da".
Horregaz batera adierazi du Lantzarte Bizirik plataformak aurkeztutako helegiteak "Udaleko zerbitzu juridikoak aztertzen" ari direla ere esan du, eta epaiek bestelakorik esaten ez duten bitartean, ez dago "obraren geldialdia justifikatzeko oinarri juridikorik".