Lantzarte Bizirik: "HAPOk berdegune batzuk ezartzen ditu hemen, baina aparkalekuaren proiektuak horiek zapaltzen ditu"

Estibaliz Maguregi · Ander Zarraga 2025ko abu. 6a, 14:01

Lantzarte Bizirik plataformako kideek salatu dute Berangoko Udalak berdeguneko zuhaitzak botatzen jarraitu duela, hasiera batean, auzokideek hori etetea zuten arren. Egoera salatzeko manifestazioa egingo dute gaur, abuztuak 6, 20:00etan, metro-geltokitik abiatuta.

Astelehenean, abuztuaren 4an, Santo Domingo jaietako egun handian, makinak Lantzarteko berdegunean sartu ziren eta bertako zuhaitzak kentzen hasi zirela azaldu dute bizilagunek. Egoera horren aurrean, hainbat auzokidek, tartean, umeek, hesiak bota eta lanak etetea lortu zuten. Hala ere, atzo, hondeamakinek lanean jarraitu zuten zelaiko lurrak mugitzen. Bada, gaur, Lantzarte Bizirik auzo-elkarteko kideek deitoratu dute geratzen ziren berdeguneko fruta-arbolak kentzen aritu direla.

Plataformako kideek salatu dutenez, Berangoko Udalak 90 plaza inguru dituen aparkalekua egin gura du hainbat herritarrek erabiltzen berdegune horretan, baina egitasmoa Hiri Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) aurka doa. Hori dela eta, helegite bi jarri dizkiote proiektuari, baina horiek erantzun aurretik abiatu dituzte lanak, eta hori legez kanpokoa dela deitoratu dute plataformako kideek.

"Bi irregulartasun larri sartu ditugu egin ditugun salaketetan, eta hilabete bat daukate horiek erantzuteko, baina lanak arineketan hasi dira, herri jaietan, 12 egunetan dena suntsitzeko", adierazi dute plataformako kideek.

Udalak adierazi du helegite horiek aztertzen ari dela, baina lan horiek sektore publikoko kontratuen legearen arabera esleitu dituztela, eta legezkoak direla. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun