Atzo, otsailaren 22an. Berangon egindako prentsaurrekoan gogorarazi zutenez, 2022ko otsailean, ekitaldia baino hilabete lehenago, Espainiako Kongresuan bosgarrenez bozkatu zuten halako ekitaldiak legez kanpo uzteko saiakera, eta beste behin ere ezezkoa gailendu zen. Horrez gain, auzipetuek nabarmendu dute 2022ko martxoaren 13an Berangoko frontoian egin zen ekimena "Ismael Moreno epaileak berak, bezperan, baimendu" zuela. Hori dela eta, euren iritziz, ezin da ulertu gaurko auzipetzea ekitaldiaren izaeragatik bakarrik, eta salatu dute Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta Ertzaintzaren txosten polizialetan "hainbat eragile politiko eta militanteen kontrako jazarpen eta kontrol sistematikoa" ageri dela.
Auzipetuen arabera, epaiketaren ezaugarriak kontuan hartuta, hau da. auzipetu kopuru handia, zigor eskaera gogorrak espetxe-arriskua, inhabilitazio luzeak eta isun ekonomikoak eta Auzitegi Nazionalak aurreikusitako hiru asteko epaiketa-epea, aintzat hartuta, "makrosumario politiko berri baten aurrean" daude. Testuinguru zabalago batean kokatu dute euren kasua, eta adierazi dute azken urteetan "isunak, jazarraldi judizialak, mehatxuak eta oldarraldi polizialak" ugaritu direla: euskararen aurkako "zapalkuntza judizializatua", elkartasunaren aurkako zigorrak, herri zapalduekiko mobilizazioen kontrako erasoa edota desobedientzia zibilaren kriminalizazioa, besteak beste. Horren guztiaren aurrean, auzipetuek aldarrikatu dute euren kasua "errepresio orokorraren beste adibide bat" dela, eta "asimilazio prozesu baten baitan" ulertu behar dela.
Amaitzeko, auzipetuek amnistia eskatu dute, "minimo demokratikoak ezartzeko berme gisa", eta militantzia politikoaren aurkako neurri errepresibo guztiak bertan behera uztea exijitu dute "inolako diskriminaziorik gabe". Epaiketari aurre egiteko mobilizazio nagusi gisa, maiatzaren 30ean, zapatua, Algortatik Berangora egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dute: "Denei eragiten digun oinarrizko eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoa" dela azpimarratu dute.