Berangoko Udalak Goikoerrotako obrak gelditu ditu eta berrezartzeko espedientea zabaldu du

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 10a

Lanak behin-behinekoan gelditu badituzte ere, errota ia erabat eraitsi dute daborduko.

Berangoko Udalak Goikoerrota baserriaren berreraikuntza-lanak geldiarazi ditu, obrek barne hartzen zuten XVI. mendeko errota hidraulikoa osorik eraitsi baitute. Udalak, gainera, eraikinaren hiri-legezkotasuna berrezartzeko espedientea irekitzeko agindu du, eta jabea, zuzendaritza fakultatiboa eta arkeologoa hilabeteko epean txosten teknikoa aurkeztera behartu ditu, "eraitsitako elementuen irismena, eraisketaren justifikazio teknikoa eta lehengoratze konstruktiborako proposamena" zehazteko.

Ebazpenaren arabera, sustatzaileak eta enpresak lizentziaren baldintzak urratu dituzte, baimenak "berreraikuntza partziala" ahalbidetzen baitzuen eta 216 metro koadro eraisteko aukera jasotzen zuen; baina, Udalaren arabera, ez zuen inola ere errota suntsitzeko baimenik ematen, eta hori da, hain zuzen, gertatu dena. 

Ebazpenean jasotzen denez, obrek ez dute bakarrik udal-lizentzia ez betetzea ekarri: Udalak gogorarazi du, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako bete beharreko baldintzak ere baztertu egin direla. Aldundiak, nahiz eta eraikina Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen erregistroan inskribatuta ez egon, bere txostenean adierazia zuen Goikoerrota "interes arkeologikoko ondasun" gisa katalogatuta zegoela eta obra orok helburu argia izan behar zuela: "Kontserbatu, berrerabili eta agerian uztea" eraikinaren balio kultural eta ondarezkoak; bereziki, errota bera.

Foru txosten horrek, gainera, proiektuaren balorazioan aldeko iritzia emana zuen, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan "lehengo eraikina birgaitu eta handitzeko" asmoa azaldu zelako, eta zenbait elementu hidrauliko mantenduta errota "ulertu eta balioan jartzea" posible izango zelako. Aldundiak proposamen zehatzak ere egin zituen: esaterako, "irteerako arkua ikusgai" uztea, beiraztatutako azalera baten bidez, edo ur-biltegiaren esku-hartzea "minimoa" izatea, azpiegitura mekanikoko arrastorik agertuz gero tokian bertan kontserbatzeko.

Gertaerak ezinegona sortu du hainbat berangoztarren artean, eta EH Bilduk, bere aldetik, Udalaren jarduna "berandu" iritsi dela salatu du, eta irregulartasunak Fiskaltzara eramateko eskatu du, "ondarearen aurkako deliturik" egon daitekeelakoan. Udalak, momentuz, espediente teknikoaren bidea aktibatu du eta, eskatutako txostenen bidez, eraitsitakoaren benetako irismena eta eraikina "lehen bezala" itzul dadin egin beharreko proposamena argitzea du helburu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun