Mobilizazioan amnistiaren aldeko banderak, ikurrinak eta Palestinako banderak nagusi izan ziren, eta aldarrikapena preso politikoen auzitik harago zabaldu dute parte-hartzaileek. Antolatzaileek azpimarratu zuten prozesua "adierazpen askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkako" erasoa dela, eta, horren aurrean, herri-erantzuna artikulatzeko deia egin zuten Algorta eta Berango lotu zituen martxan.
Berangon egin zuten amaierako ekitaldian, espetxetik bidalitako bertso baten audio-grabazioa entzun zuten manifestariek; Mikel San Sebastian preso politikoak bidali zuen, eta bertaratuek isilik jarraitu dute. Ondoren, auzipetutako bi lagunek hartu zuten hitza, txalo zaparraden artean, eta "ongietorri askeak" aldarrikatzeko beharra nabarmendu zuten, epaiketaren aurrean "ez makurtzeko" mezua zabalduz.
"16 auzipetu gara, orotara 36 urteko kartzela eskaerak ditugu, 171 urteko inhabilitazioak, eta 76.000 eurotako isunak. Auzi honen garaipen edo porrota ez dago epaitegi faxista batek ezarriko duen epaian, Herriaren erantzun politikoan baizik. Eta gaur ikusiotakoak sententzia argia erakusten du, hemen herri aske baten aldeko grina dagoela", adierazi zuten irakurketan.
"Eskerrak ematen jarraitu nahi dugu, lau urte hauetan zehar babesa eta elkartasuna adierazi diguten eragile guztiei. Baionatik Mutrikura, Gasteiztik Iruñera, Tafallatik Barakaldora, Euskal Herri osoa batuz", azpimarratu zuten Berangokoekin Elkartasun Komiteko kideek, jasotako babesa eskertzeko. Era berean, mobilizazioak lau urteotan jasotako babes-sarea agerian utzi zuela ere gaineratu zuten, eta epaiketari begira, datozen asteetan gertatzen denaren berri ematen jarraituko dute la ere iragarri zuten.
