2022ko martxoaren 13an, Ibai Aginagari kartzelatik atera ostean egindako ongietorrian parte hartzea egotzita epaitu zituzten hamasei lagunak, "terrorismoaren gorazarrea" leporatuta. Aginaga 2022ko martxoan atera zen Basauriko espetxetik, ia 20 urte preso egon ondoren, eta Berangoko frontoian egin zioten harrera.
Epaiketan, Fiskaltzak bi urteko espetxe-zigorra eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat. Horrez gain, hamabost urteko inhabilitazioak eta 5.100 euroko isunak ere eskatu zituen; eta, akusazio partikularrek –Dignidad y Justicia, Vox eta Villacisneros Fundazioak– hiru urteko kartzela-zigorra eskatu zuten auzipetu bakoitzarentzat. Defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu zuen hasieratik, oinarri-falta nabarmenduz eta akusazioaren frogek ez zutela balio nahikorik salatuz.
Defentsak esan zuen prozeduran kontraesanak, akatsak eta zorroztasun falta agertu zirela. Besteak beste, Guardia Zibilak ustezko kolaboratzaile baten grabazioaren transkripzioak erabili zituen, baina defentsaren arabera ez zen argitu grabazioa nola egin zen, nork itzuli zuen, zer zatitan oinarritu ziren edo akusatu bakoitzari zehazki zer egotzi zitzaion.
Auzipetuek, euren aldetik, ongietorrian parte hartu zutela onartu zuten, baina, era berean, hori egiteko eskubidea ere defendatu zuten. Euren iritziz, auzia ez zen ongietorri baten aurkakoa bakarrik, adierazpen-askatasunaren, elkartzeko eskubidearen eta militantzia politikoaren aurkakoa baizik.
Babes-mobilizazioak
Kasua hasi zenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Ibai Aginagari egindako ongietorriaren harira abiatu zuen ikerketa. Garai hartan, auzipetuek auzia norbanakoen aurkako eraso judiziala ez ezik, militantzia politikoaren aurkako jazarpena ere bazela salatu zuten.
Maiatzaren 30ean, epaiketa hasi aurretik, auzipetuei babesa adierazteko eta epaiketa salatzeko, Algortatik Berangora mobilizazio handia egin zuten. Antolatzaileek prozesua adierazpen-askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkako erasotzat jo zuten, eta "ongietorri askeak" aldarrikatu zituzten.
Orain, absoluzioagaz, lau urteko auzibideari amaiera eman zaio. Auzipetuek eta haien ingurukoek pozik hartu dute ebazpena, eta azken asteotan jasotako babes zabala gogoratu dute.