Sententziaren zain geratu dira Berangoko ongietorriagatik auzipetutako 16 lagunak

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 18a

Ekainaren 8an hasi zen Berangoko ongietorriagatik auzipetutako hamasei lagunen aurkako epaiketa.

Espainiako Auzitegi Nazionalean amaitu da 2022an Ibai Aginaga preso ohiari Berangon egindako harreragatik auzipetutako hamasei lagunen aurkako epaiketa, eta auzia sententziaren zain geratu da. Fiskaltzak bi urteko espetxe-zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat, terrorismoari gorazarre egitea egotzita, eta akusazioek ere zigor-eskaerei eutsi diete.

Epaiketaren bigarren eta azken saioa defentsak proposatutako lekuko baten deklarazioagaz hasi da, eta ondoren auzipetuek izan dute hitza. Gehienek ez deklaratzea erabaki duten arren, zenbaitek akusazioak ukatu dituzte. Berria komunikabideak jasotakoaren arabera, Hegoi Uriartek adierazi du 2022ko martxoaren 13ko ekitaldiak ez zuela zerikusirik terrorismoaren gorazarreagaz; Sendoa Aratz Juradok, berriz, ukatu egin du ongietorrian hitz egin izana, baina gogorarazi du han zeudenek eskubide zibil eta politikoak baliatu zituztela.

Fiskaltzak Zigor Kodeko 578.1 artikulua hartu du oinarri, eta bi urteko espetxe-zigorra eskatu du 16 auzipetuentzat. Gainera, kasu batzuetan "berrerortzea" egon daitekeela argudiatu du, zigor handiagoak eskatzeko aukera aipatuta; hala ere, ez du zehaztasunik eman. Dignidad y Justicia, Vox eta Villacisneros Fundazioak ere akusazio gisa aritu dira auzian.

Epaiketan eztabaidagai nagusietako bat Guardia Zibilaren txostenetan aipatutako ustezko "kolaboratzaile" baten rola izan da. Akusazioen arabera, informatzaile sekretu horrek ekitaldiko diskurtsoak grabatu zituen; defentsak, ordea, zalantzan jarri du grabazio horiek existitzen direnik, eta, egotekotan, legez nola lortu ziren argitzeko eskatu du. Fiskaltzak azaldu du informazio-iturria babesteko gorde direla grabazioak edo euskarriak.

Defentsak auzipetuen absoluzioa eskatu du, ekitaldia adierazpen-askatasunaren, iritzi-eskubidearen eta parte-hartze politikoaren barruan kokatuta. Epaimahaiak erabaki beharko du orain akusazioen tesia onartzen duen edo, defentsak argudiatu bezala, auzipetutakoen jarduna eskubide zibil eta politikoen erabileraren barruan kokatzen den.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun