Berangoko Auzokatzen programaren bigarren podcasta grabatu dute

Laura Fontalba Colomo

Irailaren 24an, auzoa "elkarrekin eraikitzen" jarraitzeko tailerra egingo dute. © BERANGOKO UDALA

Auzokatzen ekimena bere bigarren fasean sartu da; oraingoan, podcastak etorkizuneko auzo-eredua eta bizilagunen arteko loturak indartzeko egin daitezkeen jarduerak ditu ardatz.

Maiatzean jarri zuten martxan Auzokatzen ekimena, auzo bizi eta aktiboak sustatzeko, belaunaldi arteko harremanak indartzeko, topagune seguru eta irekiak sortzeko, adin guztientzako jarduerak bultzatzeko eta komunitatearen kohesioa sendotzeko helburuagaz. 

Lehen fase horretan, Axgane, Otxabene eta Santa Anako 128 bizilagunek parte hartu zuten, hiru auzoek dituzten 1.216 biztanleen %10 baino gehiagok. Prozesu horren bidez, bizilagunak euren auzoetan zer falta zaien eta zer hobetu beharko litzatekeen aztertzeko prozesuan sartu ziren. Bestak beste, lasaitasuna, natura, segurtasuna eta berdeguneak positiboki baloratu zituzten; aldiz, merkataritza, zerbitzuak, garraioa eta elkartzeko espazio gehiago behar direla nabarmendu zuten.

Orain, lehenengo auzoen diagnostikoa eginda, jasotako beharrak ekintza zehatz bihurtzea dute helburu. Ildo horretan, podcastak prozesuaren tresnetako beste bat dira; eta bizilagunek, familia berriek eta inguruko merkatariek auzoen etorkizunaz eta komunitate-loturak sendotzeko aukerez hausnartzen dute.

Ekimenaren barruan, tailer parte-hartzaileak ere egingo dituzte. Hurrengo hitzordua irailaren 24an izango da, 18:30ean, Santa Anako Kultur Etxean; bertan, auzoa "elkarrekin eraikitzen" jarraitzeko lehen herritarren arteko tailerra egingo dute.

Bestalde, nabarmentzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiak Auzokatzen proiekturako emandako 12.000 euroko dirulaguntza, 2026ko herritarren eta gizartearen parte-hartze prozesuak sustatzeko deialdiaren barruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun