Elkarrizketak

Asier Blas Mendoza: "Pabloren atxiloketak balio izan du Ukrainara kazetaritza egitera joan diren horiei abisu bat emateko"

Ander Zarraga 2023ko ots. 28a, 10:24

Pablo Gonzalezen laguna eta lankidea da Asier Blas EHUko irakaslea.

Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketaren urteurrenean, bere egoera eta atxiloketaren testuingurua hobeto ezagutzeko Asier Blas bere lagun eta lankidea elkarrizketatu du HIRUKAk. EHUko Politika eta Administrazio Zientzietako doktorea eta irakaslea izateaz gain, azken urtean Ukrainako gerraren testuingurua azaltzen aritu da hainbat komunikabidetan. Besteak beste, Pablo Gonzalezen lankidea da GeopolikaZ ikerketa taldean eta bere doktoretza-tesiaren zuzendaria ere bada. 

Pablo Gonzalezen gutun bat jaso berri duzu. Zer kontatzen du horretan?

Bai, kontu pertsonalez aparte, komentatzen dit orain, gutxienez, badaukala telebista bat, beraz, poloniar telebista ikusi dezakeela eta errealitateaz apur bat konturatzen hasi dela, hasieran ez baitzekien munduan zer ari zen gertatzen. Noski, Euskal Herriko gaurkotasunari buruz ez daki ezer, Poloniako telebistan asko jota Espainiako futbolaz bakarrik hitz egiten baitute. Horrez gain, gerraren norabidea ikusita, geroz eta argiago dauka zer nolako interesak zeuden bera hor informatzen egon ez zedin, Ukrainako gerran dena baita oso unilaterala eta bertsio bakarrekoa. Mendebaldearen makinaria propagandistikoa indar betean ari da funtzionatzen, eta kazetaritza mota batzuk egiteko gauzak oso gaizki daude, batez ere, Ukrainan bertan ari diren profesionalentzako.

Horrez gain, dio oso zaila egiten zaiola espetxealdia, praktikan isolatuta jarraitzen duelako: eguneko 23 ordu bere “txaboloan” egiten ditu eta ordu bakarra atera daiteke patiora, baina orduan ere bakarrik dago, beste presoekin komunikaziorik izan ez dezan. Hasieran, abokaturik ere ez zeukan, baina, orain, baditu; hala ere, urte honetan familiaren bisita bakarra izan du, bere bikotekidearena. Hori ez da normala, eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean biltzen diren 18 artikulu urratu dizkiote, gutxienez. Imajinatu, urtebetean bikotekidearen bisita bakarra jaso du, eta, momentuz, ez dago besterik jasoko duen aurreikuspenik. Horri eransten zaio ezin izan duela bere semeen deirik jaso ez ezer; hori guztia blokeatuta dauka. Isolatuta ez dagoela nolabait esateko, noizbehinka kontsularen bisita bat jasotzen du, baina kontsula ez da bere familia; nik berarekin hitz egin dut, eta oso jatorra da, baina bera formak mantentzeko eta protokoloagatik joaten zaio bisita egitera. 

Erakunde publikoetatik eta gobernuetatik gehiago egin zezaketela ari zarete eskatzen etengabe. Lortu duzue zerbait?

Espainiako Gobernuak eskuduntza dauka zuzenean horretarako. Eusko Jaurlaritzak ez dauka eskuduntzarik, presioa egin dezake, baina ez da ari euskal herritar bat beharko lukeen bezala defendatzen, batez ere ikusita preso prebentibo modura dagozkion eskubideak errespetatzen ez zaizkiola ari. Hori guztia edukian sartu gabe, oraindik ez baitute epaitu.


Gonzalezek Ukrainan lanean ari zela bere sare sozialetan partekatutako argazkia. © FREEPABLOGONZALEZ

Horri guztiari egoeraren ezjakintasuna ere erantsi behar zaio, ez baitaki noiz epaituko duten, ezta zergatik ere...

Salaketa instrukzioan dago, baina urtebeteren ostean hori zertan dago? Bada, Estatu Espainolari bere bigarren pasaporteari buruzko informazio gehiago eskatu dio Poloniak; hau da, Espainiako pasaportea zergatik duen ari dira galdetzen oraindik. Hori da urtebete eta gero aurreratu duten bakarra. Nahiko harrigarri da oraindik horrela egotea, zerbait izango balute jada filtratuta egongo litzatekeelako. Gainera, Poloniako Barne Ministerioak argitaratutako prentsa oharrean esaten zuen berak bi pasaporte zituela, baina bietan ez zuela izen bera, eta Espainiako eta Errusiako kreditu txartelak ere bazituela. Horretan daude urtebeteren ostean, nahiko esanguratsua da ez daukatela ezer.

"Bere aurkako karguak oso larriak direla diote etengabe, baina oraindik ez dakigu zeintzuk diren kargu larri horiek"

Eusko Jaurlaritzak eskuduntza ez eduki arren, ez du ezer egiteko borondaterik azaldu, gerra honetan oso lerrotuta dagoelako Ukrainaren eta NATOren alde; beraz, erabaki du Pablo Gonzalezen alde ez duela egingo. Ez dauka beharrik legearen arabera, borondate kontu bat da, baina egin izan du, adibidez, atzerrian heriotza zigorrera kondenatuta egon diren beste euskaldun batzuengatik. Kasu honetan ez dago ezta kondenatuta ez ezer, espetxe prebentiboan dago, eta, gainera, badakigu bere kasuan Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna bortxatua izan dela, gutxienez, 18 artikulutan. Beraz, guk ikusten duguna da erabaki politiko bat dela.

Espainiako Gobernuaren kasuan aldiz, ez da ari bere betebeharra betetzen, ez delako ari espainiar hiritartasuna duen pertsona baten defentsan, edozein dela bere egoera. Are gehiago, kanpo harremanetarako ministroak hitz egiten duenean, badirudi Pabloren alde egin beharrean bere kontra ari dela: ez du bere izena inoiz ere aipatzen, atxilotu bat bezala identifikatzen du, kazetaria dela ere saihestuz. Gainera, bere aurkako karguak oso larriak direla dio etengabe, baina oraindik ez dakigu zeintzuk diren kargu larri horiek. Sinesgaitza da. Eta karguak eta frogak izan arren, bere eskubideak aitortu behar zaizkion pertsona bat da. Bi pasaporteen kontua mila aldiz dago azalduta, beraz, ez dakigu zertaz informatu behar duten; bederatzi urte zituenetik Espainiako pasaportea duela eta ordutik Errusiako espioia dela? 

Bere kasua gerrako ildo ofizialetik aldendu gura diren kazetariak eskarmentatzeko ari dira erabiltzen?

Nik esango nuke hori nahiko argi dagoela. Inbasioa otsailaren 24an hasi zen, eta, ordurako, bera Polonian zegoen, zergatik ez zuten atxilotu 25ean? Baldin bazekiten espioi errusiarra zela, zergatik ez zuten atxilotu etxera bueltatu zenean? Garbi dago han zegoelako atxilotu zutela, berak kazetaritza lan bat egin zezakeelako Ukrainan. Poloniari buruzko lan gutxi batzuk dauzka, Poloniako Gobernuari seguruenik ez zaizkionak gustatuko, LGTBI eta errefuxiatuei buruzko lanak izan direlako, ez ukrainar errefuxiatuei buruzkoak, horiek badakigu lehen kategoriakoak direla; berak herrialde musulmanetatik eta Asiatik zetozenei buruz hitz egin zuen. Orduan, bere kazetaritzak Poloniarentzako zer suposatu dezake? LGTBI eta errefuxiatuekin elkarrizketatu dela? Hori Poloniaren informazio arriskutsua lortzea da? Ukrainak bai esan dezake hori, bera 2014tik egon delako gerran bi aldeetakoak elkarrizketatzen. Gertatzen dena da Polonia eta Europar Batasuna gerran daudela eta horregatik ari direla Pabloren kasua era anormal batean tratatzen.

"Atxilotua izan zenean, Espainiako Gobernuak hedabideetara deitu zuela berari buruz hitz ez egiteko esanez"

Komunikabideak nola ari dira hau guztia lantzen?

Badakigu bera atxilotua izan zenean, Espainiako Gobernuak hedabideetara deitu zuela berari buruz hitz ez egiteko esanez; hori Ferreras berak aitortu zigun. Hasieran, ez zuten aipatu, esan zietelako bere segurtasunagatik zela. Hori zirkulu akademikoetara ere heldu zen, Pablo doktoretza-tesi bat egiten ari zelako Georgiako eskuin muturraren kohesionatzearen inguruan. Horretarako erasotuak izan ziren Gay Pride-ko eta eskuin muturreko taldeetako kideak elkarrizketatu zituen 2020an. Ni bere tesiko zuzendaria naiz, eta egindako lana jarraitzen aritu naiz. Horrez gain, bera Espainiako Politika Zientzia Elkargoko kidea ere bada, eta horra ere heldu zen bere hobe-beharrez atxiloketaz hitzik ez egitea. Denborarekin zabaltzen joan zen, eta konturatu ginen ez zela bere onerako, baizik eta horren inguruan lanketarik ez egiteko, badakigulako Polonia AEBetako ume gogokoena dela Europako ekialdean, eta, horregatik, zaindu egin behar dela; berdin dio zein barrabaskeria egiten duen Poloniak. Gogora dezagun Polonia prentsa-askatasun indizeetan oso atzean dagoela eta Europar Batasunak santzionatu egin duela justizia ez delako independentea, eta autoritarismo bidean dagoen herri bat delako, batez ere, justiziaren aldetik. 

Bere etorkizuna nola ikusten duzue?

Momentuz, nahiko itsusi, urtebeteren ostean ez baitugu amaierarik ikusten. Bere alde gehien egingo lukeena da gerra bukatzea, bueno, denon mesedetarako izango litzateke hori, konplexu industrial-militarrarentzako izan ezik. Beraz, gerra bukatuko balitz errazagoa izango litzateke Poloniak bera askatzea. Hasieran ere askatu ahal izan zuten, akatsa onartuz, baina gerraren testuinguruan ez zuten egin, ez baitute nahi Errusiaren aurrean barregarri geratu. Hori da hipotesietako bat. Gogoratu dezakegu Europako Kontseiluak Pabloren egoera salatu duela eta baita nazioarteko kazetarien hainbat elkartek ere, tartean, Amnesty International eta Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeek. Gerra ez balitz, fokua errazago jarri ahalko litzateke bere kasuan, baina gerra dagoen bitartean, Poloniak nahi duena egin dezake. Europa ekialdean ez dira mendebaldeko herrialdeetako estandar demokratiko berdinak erabiltzen, eta Polonian eta beste herrialde batzuetan oposizioko politikoak preso eduki dituzte lehenago ere.

Gerraren kontaketan eta horren testuinguruan, Europako hainbat hedabide izugarrizko autozentsura egiten ari direla aipatu duzu beste elkarrizketa batzuetan. Zergatik da gerra hau bizi izan ditugun beste gatazka batzuekiko hain desberdina informazioari dagokionez?

Gure hedabideen kontaketa besterik ez da ikusi behar horretaz ohartarazteko: gehienek, salbuespen batzuk kenduta, propaganda-publirreportajeak dira. Komunikazio fakultate honetara (EHU) ekarri eta zer ez den egin behar erakusteko modukoak dira: parte baten iturriak bakarrik aipatzen dira, dena da oso emotiboa, biktima batzuk bakarrik aipatzen dira, besteak ez dira existitzen… Pabloren atxiloketak balio izan zuen Ukrainara kazetaritza egitera joan diren kazetari horiei abisua emateko, eta atxilotu zuten gauean berarekin egon ziren asko izututa daude; gurean ezagunak diren Hibai Arbide eta Mikel Ayestaran bezalako kazetariak izututa daude, batzuek aitortu ere egin dutelako. Autozentsura beharrezkoa da, eta kazetariei eskatzen ari zaie are gehiago posizionatzea, eta lerrotzea, gertatuko daitekeenagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun