Komunikatuan, ikasleek azaldu dute irakaslea irailaren 23an iritsi zela ikasgelara amatasun-baja bat betetzera. Hortik gutxira, "sare sozialetan iruzkin matxistak, LGTBIfobikoak, xenofoboak, arrazistak, bortitzak, mehatxuzkoak..." egiten zituela jakin zuten; horien hainbat adibide ere erantsi dituzte komunikatuan. Gauzak horrela, ikasleek kexa formal bat modu anonimoan Unibertsitatera bidaltzea erabaki zuten, errepresaliak saihesteko.
Horregaz batera, ikasleek adierazi dutenez, irakasleak, bere iruzkin iraingarriez gain, onartu omen zuen ez zegoela espezializatuta eman beharreko ikasgaian, eta horrek zalantzan jarri zuen Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea irakasgaia irakasteko bere gaitasuna. Egoera horren aurrean, ikasleek, beste fakultate eta kolektibo batzugaz elkarlanean, manifestazio baketsu bat antolatu zuten irailaren 27an, euren gaitzespena agerian uzteko, baina ukatu egin dute egun horretan campusean gertatu ziren ekintza bandaliko isolatuetan parte hartu izana.
Azkenik, 301. taldeak erabateko gaitzespena azaldu du irakasleak egindako "adierazpen hain bortitzak, matxistak, LGTBIfobikoak, xenofoboak, arrazistak...". Azpimarratu dutenez, "horiek adierazpen-askatasunaren mugak gainditzen dituzte", eta Zigor Kodearen arabera gorroto-diskurtsotzat har daitezkeela. Ikasgelan iritzi desberdinak izan arren, ikasleek aho batez deitoratu dituzte irakaslearen hitzak, eta azpimarratu dute irakaslearen jarrerak ez diola soilik hezkuntzari eragiten, baita unibertsitatearen prestigioari ere.