Udal Hirigintza Saileko arduradunek azaldu dutenez, pasa den irailean hasi ziren egoera aztertzen. Emandako datuen arabera, gaur egun 5.033 ibilgailu eta 10.497 pertsona daude erroldatuta Astrabuduan. Autoetarako, legez 1.450 leku daude, “margotuta”. Hala ere, egunero 1.900 ibilgailu daude aparkatuta kalean, legezko, behin-behineko zein arauz kanpoko aparkalekuetan.
Udal Gobernuak jakinarazi du oraingoz erabakitzeke duen hainbat neurri aztertzen dabilela, tartean polemika handia eragin duen gaueko TAO zerbitzua ipintzea. Astrabuduko EAJk zehaztu duenez, TAO hori aplikatzekotan doakoa izango litzateke.
Hirigintza Sailak aurreratutako balizko beste aukera batzuk lirateke metroko parkinga hobetzea, furgonetak eta kamioiak auzoko erdigunetik gauez ateraraztea, ikastetxeak gauez aparkaleku bihurtzea, eta auzotarren bigarren ibilgailuei tasaren bat ipintzea.