Sarrerak 3 euroan egongo dira salgai; Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 2 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Azkenik, 16 urte artekoentzat dohainik izango da.
Bitartean, kanporaketa Astrabuduan jokatuko dela aprobetxatuz, egun bete bertso antolatu dute zapatu honetarako, apirilak 23, helduen bertso-eskolen arteko harremanak sustatu asmoz, Bertsotruk egitasmoa ere izango da Astrabuduan. Hala, 12:00etan, bertso-poteoa (Trabudu plazan hasita); 14:30ean, bazkaria (izena aldez aurretik eman behar da); 17:30ean, txapelketara joan (sarrerak bertan); eta 20:30ean, bertso-poteoa egingo dituzte. ALBE, Debagoiena eta Bortzirietako bertsolariek parte hartuko dute desafioan. Berbots euskaltzaleen topaguneak bertaratu eta parte hartzera deitu du.
Domekan, Ondarroan
Txapelketagaz jarraituz, laugarren kanporaketa domekan bertan jokatuko dute, Ondarroako Beikozinin; horretan ez da eskualdeko ordezkaririk egongo. Osterantzean, Erandion ez ezik, Getxon ere egingo dute saioetako bat: fase honetako azkena. Maiatzaren 22an izango da, Algortako Fadura kiroldegian.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako aurreko saioei dagokienez, Bermeoko Kafe Antzokian jokatu zuten apirilaren 17an Udabarriko Faseko bigarrena; Ander Elortegi Garatea gernikarrak irabazi zuen. Dani de Miguel Avecilla algortarra, ordea, azkena izan zen. Sailkapen orokorrari begira, Berrizko lehenengo saioa irabazi ostean, Peru Vidal leioaztarra buru bazen ere, 178,25 puntugaz, Bermeoko saioaren ostean, Ander Elortegi dago lehenengo sailkapen orokorrean, 179,25 puntugaz.