Txabeli Delgado astrabuduarrak eta Ziortza Fernandez, Zaloa Respaldiza eta Sendoa Jurado amnistiaren aldeko mugimenduaren militanteek uko egin zioten Espainiako Auzitegi Nazionalera joateari. Ertzaintzak herenegun atxilotu eta atzo epailearen esku utzi zituen; deklaratzeari uko egin ondoren askatu egin zituzten. Fernando Andreu magistratua ikertzen dabil pasa den udan Bilbon egindako amnistiaren aldeko manifestazioa eta atzo galdekatutakoak eta beste lagun bi auziperatu ditu. Bestalde, Burlatako Xabier Arina gazteak ere desobedientzia agertu du egunotan eta Burlatako jaietan presoen alde egindako toparen auziaz Auzitegi Nazionalean deklaratzeari uko egin dio.