Ertzaintzak eta Erandioko Udaltzaingoak indartu egingo dute agente kopurua jaiegun hauetan. Horrela, polizia-patruila uniformedunak eta kalez jantzitakoak antolatuko dituzte. Agenteak jai-barrutian zein inguruetan hedatuko dituzte, eta Erandioko metro-geltokian ere egingo dituzte zaintza-lanak. Delituen eta bestelako gorabeheren prebentzioa da horren guztiaren helburua.
Halaber, prebentziozko alkoholemia-kontrolak egingo dituzte, kale eta errepideetan alkoholaren eraginpean gidatzea eragozteko. Arreta berezia jarriko diete alkohola saltzen duten lokalei, adingabeei edari alkoholdunak sal dakizkien saihesteko.
Jaietan garrantzi handia izango du substantzia sorgorgarrien trafikoa eta kontsumoa prebenitzeak eta zigortzeak. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jai-ekitaldietako parte-hartzaileei ohartarazi nahi diete diru-zorroak eta jabetzak are gehiago zain ditzatela; izatez, jaiak oro har eta bereziki kontzertuak direla-eta, jende andana bilduko dela baliatuta, ebasketan ibili ohi diren zorro-lapurren gisako delitugileen kopurua gehitzea aurreikusi dute.
Era berean, "arreta berezia" eskainiko diote "sexu-askatasunaren kontra izan daitezkeen delituen prebentzioari, eta, horretarako, mota horretako delituak egiteko lekurik arriskutsuenak zainduko dituzte", Segurtasun Sailak iragarri duenez.