Hamazazpi urteko ahaleginaren ostean, Erandioko Txirrindulari Elkarteak (ETE) lortu du erakunderen batek zikloturistentzako babes-eskaeragaz bat egitea. Hala, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordeak aho batez onartu zuen "marra gorria" deritzona ezartzeko bideragarritasun "teknikoaren eta legezkoaren" gaineko txostena egiteko eskaera, pasa den urriaren 25ean. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote hori egin dezan, sei hilabeteko epean.
Arauz besteko eskaera horrek Batzarretako talde guztien sinadura daroa, PPrena izan ezik; baina, talde horrek, azkenean, bat egin zuen proposamenagaz, aldeko botoa emanez. Joan zen maiatzaren 13an, ETEko ordezkari bik aurkeztu zuten proposamen hori Eskaeretarako eta Herritarrenganako Hartu-emonetarako Batzordean; Batzar Nagusietako taldeek bereganatu eta arauz besteko proposamentzat aurkezteko.
Batzordekide batzuek adierazi zutenez, Europako herrialde batzuetan “ohikoa” den neurria aplikatzea erraza da; nahikoa delako marra gorria margotzea galtzadan, automobilaren eta bizikletaren artean egon behar duen 1,5 metroko segurtasuneko tartea ezartzeko, automobilek aurreratzeko maniobrak egiten dituztenean kontuan izan dezaten.
Proposamena aurkeztu duten taldeek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Ahal Dugu eta Talde Mistoa) azaldu zutenez, "marra gorria"-ri bidea eman aurretik, Aldundiak aztertu egin beharko du neurri hori arlo horretako ezelango legediaren kontra ez dagoela. Errepideetako Araubide Orokorraren, Txirrindularientzako Bideen Lurraldeko Sektore Planaren edo Aldundiaren esku dagoen Bizkaiko Txirrindularientzako Bideen gaineko 10/2014 Foru Arauan jasotzen den Txirrindularientzako Plan Zuzendariaren aurka, alegia.