Herri-kontsultak Uribe Kostan

Erandioko Gure Esku Dagok otsailean ere batuko ditu sinadurak

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 3a, 13:00

Erandioko Gure Esku Dagoren artxiboko irudia. © ERANDIOKO GURE ESKU DAGO

Iazko udan, "Erandiok Erabakia" adierazpenarekiko herri-babesa ikustarazteko sinadura-bilketa abiatu zuen Erandioko Gure Esku Dago taldeak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak zabaldu duenez, otsail honetan ere erandioztarren atxikimenduak batzen segituko du, gerora testua Udalbatzan mozio gisa aurkezteko.

Eragileak deialdi zuzena egin die oraindino sinatu ez duten erandioztarrei: "ados bazaude arrazoiekin eta zertarako biltzen ari garen sinadurak, etorri sinatzera ondoko egunetan". Herritarrei kanpainan laguntzeko aukera ere eman diete.

Hitzorduak

GEDk honako hitzorduak ipini ditu sinatu ahal izateko:

  • Otsailak 5, domeka, 11:00etatik Apurtuarteren eta Erandioren arteko derbia amaitu arte, Erandiogoikoko Arteaga futbol-zelaian.
  • Otsailak 12, domeka, 13:00etatik aurrera, Astrabuduko Josu Murueta plazan.
  • Otsailak 19, domeka, 13:00etatik aurrera, Altzagako Jado kalean.
  • Otsailak 26, domeka, 13:00etatik aurrera, Altzagako Jado kalean.

Pasa den maiatzaren 20an "adin, pentsaera eta izaera desberdinetako" Erandioko hainbat auzotarrek abiatu zuten "Erandiok Erabakia" izeneko adierazpena. Erandioko Gure Esku Dago taldeak testuaren aldeko 2.500 sinadura batu gura ditu, udalerriko erroldaren %10 bat. Horretarako, GEDk hainbat mahai ipini zuen udako jaietan eta Gabonetan.

Sinadurak batzeko kanpainarako GEDk zabaldutako oharra:

Erabakitzeko eskubidearen aldekoak gara honako arrazoiengatik:

  • Eskubide hau aldarrikatzen dugunean inongo bitartekaririk gabe herritarroi zuzenean dagokigun eskubide bat gauzatzeaz ari gara.
  • Demokrazia gure bidea eta gure helmuga da, garrantzitsua kontsultatuak izatea baita, ez emaitza.
  • Bizikidetza arerioarekiko errespetuaren ondorio baino ezin da izan, ez eredu zehatz baten inposizioarena, eta zentsu honetan, bide demokratikoetatik proiektu politiko oro defendatzea eta gauzatzeak zilegi behar du izan.
  • Gure etorkizunaren aktore izan nahi dugu, ez ikusle hutsak.

Gure ustez eskubide hau gauzatzeko giltza jendartearen aktibazioan datza, "gure esku dagoela" uste dugu, eta oraingo honetan zure sinadura eske gatoz jarraian azaltzen dugun honetarako:

  • Erabakitzeko eskubidearen aldeko zure atxikimendua adieraz dezazun.
  • Erandioko Gure Esku Dago elkarteak sustatuko adierazpena babestu dezazun. Adierazpen hau, herri babesaren erakusgarri berau sinatzen duten erandioztarren sinadurekin batera Erandioko udalean aurkeztuko dugu, instituzio honek jasotako erabakitzeko eskubidearen aldeko moziotzat onar dezan.

Sinadura-orriaren testua:

2016ko maiatzaren 20an, Erandioko adin, pentsaera, eta izaera desberdinetako auzotarrok bildu ginen Pertsonen Erabakitzeko Eskubidearen inguruan berba egiteko eta bertan adostu genituen ideiak gure auzokide guztiei zabaldu nahi dizkiegu:

  1. Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da.
  2. Gure estatus politikoa eta gure etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko eskubidea dugu euskal herritarrok.
  3. Dagokigun eskubide hori gauzatzea lortu arte ilusioz lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, hau sinatzen dugun erandioztarrok.
  4. Ezinbestekotzat jotzen dugu akordio plurala lortzea erabakitzeko eskubidea bideratzeko.
    Erandioko bizilaguna naizenez eta aurretik aipatutako ideiekin bat natorrenez gero, sinatzen dut adierazpen hau.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun