Erandioko alkatea epaituko dute, martitzenean

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 19a, 14:50
Joseba Goikouria, artxiboko irudian.

Instrukzio luzearen eta zenbait helegiteren ostean, datorren martitzenean, maiatzaren 23an, Joseba Goikouria Erandioko alkatea epaituko dute, prebarikazioa egotzita. Beragaz batera, Asier San Nicolás eta Itziar Koba Hirigintza zinegotzi ohiak eseriko dira akusatuen aulkietan, Bilboko 2. zigor-auzitegian, goizeko 10:30etik aurrera. Fiskalak zortzi urteko inhabilitazioa eskatu du bakoitzarentzat, zenbait urtez Erandiogoikoko Recuperaciones Esma SL txatartegia udal-lizentzia barik funtzionatzen utzi zutelakoan.

Auziaren instrukzioa 2014. urtean hasi zen, zenbait pertsonak 2000. urtetik ipinitako salaketen ondorioz. 2015eko azaroan, Bilboko 3. instrukzio-auzitegiko epaileak agindu zuen epaiketa abiatzea, baina Goikouriak eta Kobak horren aurkako helegiteak aurkeztu zituzten, euren errugabetasuna defendatuz. Pasa den urteko ekainean, epaileak bertan behera utzi zituen bien errekurtsoak. Halere, arrazoia eman zien akusatuei puntu batean, eta hasieran egotzi zien balizko ingurumenaren aurkako delitua artxibatu zuen. Izan ere, jujeak azaldu duenez, azken 15 urteotan ez da egon salaketa bat ere ez inguruko ura, lurra edo zarataren inguruan. Hala, martxoan zen epaiketa egitekoa, baina alderdiek dokumentazio gehiago gaineratu zuten eta epaileak datorren martitzenera arte atzeratu zuen.

Instrukzio-epailearen arabera, auziperatuek "pasibotasunez" jokatu zuten, txatartegiaren aktibitatea legeagaz bat ez zetorrela "jakinda", salatzaileek horren berri hainbatetan jakinarazi baitzien. Hala, autoan idatzi du akusatuek "ez zutela jokatu Administrazioa behartuta dagoen moduan". Modu berean, epaileak leporatu die "denbora oso luzea pasatzen utzi izana, arautegiagaz bat jardun barik".

Enpresak 2000. urtean eskatu zuen jarduera-lizentzia baina inoiz ez zuen lortu, Bizkaiko Foru Aldundiak inguru horretan zenbait bide egiteko plana onartuta baitzeukan. Instrukzio-epailearen arabera, 2011tik aurrera, Erandioko Udal Gobernuaren "pasibotasuna" legez kontrakoa litzateke, euren beharra enpresa itxi ala erregularizatzea baitzen. Epaileak ez du onartu auziperatuek erabili izan duten argudioa, alegia, administrazio-esleipenaren ardura funtzionarioena zela; horren ordez, Goikouriaren, San Nikolásen eta Kobaren erabaki politikoaren garrantzia azpimarratu du jujeak.

Joseba Goikouriak hasieratik uko egin zion adierazpenak egiteari, baina iaz argitu zuen enpresak "ez duela auzokideen kexarik sortu bere funtzionamenduagatik". Bitartean, Erandioko EAJk azaldu du "zenbait urtez" enpresaren egoera "erregularizatzeko ahaleginak egin" dituztela, "baina ezinezkoa izan zenez, 2014ko ekainean itxiera-agindua eman zen". Gaineratu dutenez, itxieraren ondorioz 20 familia baino gehiago kaltetuta irten dira. Azkenik, "partikularren arteko liskar" bati eragotzi diote salaketa jaso izana.

Halere, Recuperaciones Esma SL txatartegiaren itxierak beste auzi bat eragin du. 2017ko urtarrilean, enpresaren helegitearen ondorioz, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak agindu zuen enpresa ixtea, ezin delako erregularizatu. Erandioko Udalari dagokio epaia gauzatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun