Politika  Erandio 2017-05-19 17:35

EH Bilduk "gardentasun eza" kritikatu du Erandioko alkatearen auzian

Datorren martitzenean, maiatzaren 23an, Erandioko alkatea eta Hirigintza arloko arduradun ohi bi epaituko dituzte Bilboko 2. zigor-auzitegian. Horren harira, udalerri horretako EH Bilduk deitoratu du "gure udaleko arduradunik gorenak epaiketa batean prebarikazioagatik inputatu izana". Ez da "albiste ona", gaineratu dute. Modu berean, salatu du EAJk informazioa ukatu diola EH Bilduren udal-taldeari.

EH Bilduk "gardentasun eza" kritikatu du Erandioko alkatearen auzian
Ana Crespo EH Bilduren bozeramalea, artxiboko irudian. | Ikusi handiago | Argazki originala

"Emango den sententzia emango dela", epaiketa hori hainbat konturen isla da, koalizio abertzalearen ustez. Hasteko, jarduera-lizentzia izan barik "enpresa baten lana baimentzea Erandion dugun hirigintza-diziplina eskandalagarriaren seinalea da", EH Bilduren arabera. Euren ustean, Erandiogoikoko Recuperaciones Esma SL txatartegiarena ez da "kasu isolatu bat". Hala, zehaztu dutenez, horietako kasu batzuk "Bilbotik datorkigun ondarea" dira, baina beste batzuk "azken urteotan sortu eta baimendu dira".

Dena den, koalizioaren iritziz, "ez da onargarria 1983tik gobernuan daraman alderdiak gaur egun dauzkagun hirigintza-irregulartasun ugari Bilboren erru direla argudiatzea. 34 urte daramate gobernuan!". Izan ere, hainbat irregulartasun-auzi Erandio Bilbotik desanexionatu baino lehenagokoak dira. Ildo horretan, koalizioak sumatu du "kontua serio hartzen hasiak direla" udal-gobernuan, "izango den epaiketaren ondorioz".

Bestalde, kexu agertu da ezkerreko koalizioa Udalak gai horretan hartu duen jarreraren gainean: "ez zaigu batere egokia iruditu". Euren ustez, urteetan udal-gobernua ibili da "izan diren salaketei muzin eginez, denbora luzatuz eta herritarren kexuei erantzunik eman gabe". Ondorioz, "gaiak epaitegien bide judiziala hartu du".

Azkenik, kezka adierazi dute "EAJk izan duen gardentasun faltagatik";  ezkerreko udal-taldeari gaiaren inguruko informazioa ukatu diotela salatu dute. Hala, EH Bilduk "gero eta argiago" ikusten du "Erandioko herriak Udalean aldaketa behar eta merezi duela".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa