Gerra Zibilaren gaineko irudi-erakusketa inauguratu du gaur Erandioko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 23a, 12:45

Erakusketa-gela. © ERANDIOKO UDALA

Gaur goizean, "¡Nunca más! Imágenes de guerra (1936-1939)" izeneko erakusketa zabaldu dute Erandioko Josu Murueta kultur etxean. Memoria historikoa lantzeko ekimena bisitatu ahal izango da ekainaren 9a arte, 08:00etatik 22:00etara.

Denera, 22 horma-irudik eta hainbat objektuakaz (presoen zerrendak, gutunak, isunak eta abar) atondutako sei beira-arasek osatzen dute erakusketa. Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatu du erakusketa, oroimen historikoa berreskuratzeko asmoz.

Museoko arduradunek oroitarazi dutenez, "1937ko lehen hiletan, euskal udalerri askotan pairatu ziren soldadu frankistek eta faxistek pentsatu eta bururatutako bonbardaketak, izua herritarren artean zabaltzeko helburuz. Gizon-emakumeak, adinekoak eta umeak ditugu izugarrikeria eta basakeria horren biktima esanguratsuenak". Gerraren amaieraren eta diktadura luzearen atarian jazotako gertaera latz horien 80. urteurrena dela eta, Erandioko Udalak eta Euskal Abertzaletasunaren Museoak "¡Nunca más! Imágenes de guerra 1936-1939" deritzon erakusketa inauguratu dute gaur Josu Murueta kultur etxean. Erakusketa horren helburu nagusia oroimen historikoaren berreskurapena bultzatzea da.

"¡Nunca más! Imágenes de guerra 1936-1939", Sabino Arana Fundazioak Leyre Arrieta eta Miren Barandiaran historialari gipuzkoarrei egindako eskariaren emaitza da. Eskari horri erantzuteko, historialariek 400 argazki −horietako asko, argitaratugabeak− eta maila guztietako pertsonen lekukotasunak bildu zituzten liburu batean. Testigantza horietan, lekukoek garai hartako bizipenak kontatu dituzte eta ikusitako eta pairatutako denaren gaineko iritzia eman dute.

"¡Nunca más! Imágenes de guerra 1936-1939" deritzon erakusketa osatzen duten argazkiak eremu askotakoak dira: gerrako frontea, borrokalariak, sasoi hartako agintariak, herritarrak, Kataluniako iheslariak, atzeguardia eta abar.

Argazkien oinetan, pertsona ezagunen eta beste hainbaten aipamenak ageri dira, besteak beste: Jose Antonio Agirre lehendakaria, Mola  jeneral frankista, Manuel Irujo EAJko agintaria, Francisco Franco diktadorea, Antonio Izu karlista, Manuel Azaña presidentea, Bernardo  Estornés Nafarroako idazle eta gudaria, Dolores Ibarruri "Pasionaria", Radio Euzkadi, Radio Requeté, bonbardaketen lekuko ezezagunak, borrokalariak eta atzerriko egunkarietako gerrako berriemaileak, hala nola Claude G. Bowers, Max Massot edo George L. Steer.

Hala, erakusketan ikusgai dauden 22 horma-irudietan, 200 irudi eta 100 aipamen baino gehiago ageri dira, eta sei arasetan hainbat gauza ikus daitezke, kasurako, presoen zerrendak, gutunak, isunak eta abar. Erakusketa ekainaren 9a arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, goizeko 08:00etatik 22:00etara.

Gainera, maiatzaren 25ean (euskaraz) eta ekainaren 8an (gaztelaniaz) berbaldiak eskainiko dira, Josu Murueta kultur etxean, 19:30etan. Lehenengoan, Aitor Miñambres Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko kideak Burdin Hesiaren gainean berba egingo du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun