Erandioko Udalaren argudioak ukatu eta mobilizazioak iragarri ditu Kalezulok

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 10a, 10:59
Kalezuloren aldeko prentsaurreko bat, iaz.

Kalezulo gaztetxearen asanbladak erantzun dio Erandioko Udalak gazte-zentroaren utzarazte-dekretua azaltzeko argudioei, ohartarazpena oraindino jaso barik.

Gazteek zalantzan ipini dute erakundea euren segurtasunagatik kezkatzen denik, baina hala izatekotan diote ez dagoela zertaz kezkatu beharrik. Ukatu dute lurra moldatu izana, uralita dagoenik edo beste eraikin batean sartu izana. Bestalde, azaldu dute txosten teknikoa egiteko Udala sare sozialetako argazkietan oinarritu dela, eraikinean sartu barik. Modu berean, ukatu dituzte elkarbizitza-arazoak auzokideakaz eta ondoan bizi diren auzotar batzuen babesa jaso dute sare-sozialetan. Azkenik, gaztetxea defendatzeko mobilizazio batera deitu dute datorren barikuan, uztailak 14, Irailaren 23a plazan, udaletxearen aurrean, 19:30ean.

Kalezulo gaztetxearen adierazpena

Kalezulo gaztetxearen inguruan azken egun hauetan prentsak igorri dituen berrien harira, honako adierazpena egitea berebizikoa ikusten dugu Kalezulo osatzen dugun pertsona eta kolektiboek.

Gaztetxea orain dela 6 urte sortu genuen, herrian gazteontzako zegoen eskaintza faltari erantzuna emateko: autogestio eta elkarlanez gure bide propioa egiten hasi ginen. Urte hauetan udalaren jarrera suntsitzailea izan da momentu oro, horren adierazle dira orain arteko utzarazte-saiakerak eta udaltzaingoei eginarazi dieten jarraipen poliziala. Hemendik bota nahi gaituzte Kalezulon defendatzen den jendarte ereduarekin ez daudelako ados, ez dute proiektu hau nahi, gazteria kritiko eta antolatuak beldur ematen die.

Orain arte hirugarren pertsonengan eragindako presioen bidez Kalezuloren bukaera bilatzen egon dira, baina oraingoan udal-gobernuak zuzenean hartu du iniziatiba gu kaleratzeko. Gauzak horrela, 2017ko uztailaren 6ko goizean, "El Correo"-ko kazetari baten deiaren bitartez jakin genuen egoera, gure iritzia jakiteko egin baitzuen deia. Egun horretako arratsaldean bertan, Tele 7-k argitaratutako bideo-erreportajean Egoitz Bilbao Erandioko Hirigintza zinegotziaren adierazpenak ezagutu genituen. Udalaren jokamolde hori da elkarlanerako eta proiektu honekiko duen jarrera eta errespetu faltaren islarik zintzoena.

Zinegotziaren adierazpenetan hainbat dira utzaraztea agintzeko intentzio txarrez eta nahita plazaratutako sasi-argudioak:

  • Arriskuak eta txosten teknikoa
  1. Udala askotan saiatu da argudio hori erabiliz Kalezulo husten, baina aurretik esan bezala gure segurtasuna ez da arduratzen dituena. Gainera, behin eta berriz aipatzen duten eraikinaren inguruko informe tekniko horrek ez dauka inolako baliagarritasunik, Facebook-etik hartutako argazkietan baitago oinarritua, izan ere, teknikaria ez da inoiz gaztetxe barruan sartu honen egoera aztertu ahal izateko. Bideoan aipatzen diren hainbat gauza ez daukate inolako oinarririk: ez dago uralitarik, gaztetxeko teilatua beira-zuntzez baitago egina; gaztetxea eraikin bakar bat izan da beti; ez da inolako hondeaketa-lanik egin… Euskal Herriko espazio okupatu eta autogestionatu askoren aurka erabilitako argudioa izan da hori, gehienetan faltsua, horren adibide dugu Errekaleor beste askoren artean.
  • Administrazio-espedientea eta elkarbizitza
  1. Espediente administratiboaren inguruan, hori ezagutu gabe, ia segurtasun osoz esan dezakegu paper mordo horiek ez direla auzokideen salaketak. Izan ere, aurretik irabazi genuen epaiketan aurkeztutako espediente berdina da, horretaz ziur gaude hori kexak ez ezik udaltzaingoak gaztetxearen inguruan egindako jarraipen polizial zabalaren pilaketa dela.
  2. Kalezulo elkarbizitza zentroan jartzen duen proiektu bat izan da betidanik: barrukoak eta kanpokoak. Horregatik, beti zaindu izan da bai auzokideekin eta bai Erandioko beste norbanako guztiekin harremana. Kontziente gara antolatzen ditugun ekintza batzuk, kontzertuak kasu, auzokideen deskantsuan eragin dezaketela eta horregatik neurriak hartu izan ditugu beti: jaialdien notifikazioa, bolumenaren kontrola, ordutegiak adostea…
  3. Prentsaurrekoan, beste argudio bat irabazteko saiakeran zinegotziak auzokideekin egindako bilera bat aipatzen du. Informazio hori egiaztatu dugu eta egia den gauza bakarra Udala auzokide bakarrarekin bildu zela, Udalaren proposamenez. Auzokide horrek, bileran ez zuen gaztetxearen aurkako jarrerarik aurkeztu, Udalak iritzi aldaketa bat bilatu arren. Gainera, auzokide erreferente horren aburuz, ez dago bere edo beste auzokideen gaztetxearen aurkako kexarik egun.
  4. Horretaz gain, gaztetxearen esku izan dugu bai kalea argitzea eta bai kalea garbitzea antolatzen diren ekintzetan zehar. Udala ez baititu horiek betetzen.
  5. Hala ere, esan beharra dago mota horretako ekintzak oso noizbehinkakoak direla eta parte hartutako pertsona kopurua ez datorrela bat zinegotziak aipatutako zifrarekin, benetakoak gutxiago izanik…

Udalaren gazte-eskaintza

  1. Hori izan da, beste zergati batzuen artean, gaztetxearen okupazioa eta urte hauetako jarduerak bultzatu dituen arrazoi garrantzitsuetako bat. Esaten denaren aurka, herrian eta auzoan bereziki, ez dugulako gazteontzako eskaintza erreal, duin eta aberasgarririk izan.
  2. Nahiz eta gazteok urteetan zehar gure artean antolatzeko eta gure aisia autogestionatzeko kapazak izan garen modu anitzetan, Udalaren jarrera negatiboa izan da beti, ukazioan oinarrituz eta trabak behin eta berriz jarriz. Egia da azken urtean, gazte esparruan LonjaGune egitasmoa aurkeztu zaigula gazteoi, bereziki lonjetan antolatutakoei, eta aipatzekoa iruditzen zaigu, Gazte Asanbladak aurrera eramandako zenbait dinamikaren oso antzekoa dela.
  3. Egitasmo horretan parte hartzea izan da Udalak gaztetxeari eskaini izan dion gauza bakarra. Horretarako gaztetxeko kideok eta Gazteria Saileko zinegotziak bilera bat izan genuen orain urte bete. Elkarrizketa horretan, zinegotziak berak onartu zuen eskaintzen zen egitasmoa ez zetorrela bat eta ez zela baliagarria gaztetxearen proiektuarekin. Horrek guztiak argi uzten du gazteok hitz egiteko prest agertu garela, hitz egin dugula eta Udalak ez digula ganorazko proposamenik egin. Gainera, momentu berean Udalak bultzatutako auzi-prozesu penal bat martxan zen gaztetxea utzarazteko eta beste bilera bat izan genuen alkate eta Hirigintza zinegotziarekin, horretatik esku huts eta guganako mehatxuekin ateraz.
  4. Poztuko ginateke Udalak behingoz Merkatu Zaharrean benetako gazteontzako proposamen sozio-kulturala edukiko balu, hitzetatik haratago. Baina tamalez, Udalaren ibilbidea ezagututa zalantza handiak ditugu. Izan ere, "0 faseak" hainbeste ditugu herrian hurrengora noiz pasatzeko itxaroten eta merkatuan bertan izandako esku hartze bakarra, udal-dokumentazioa pilatzeko espazioaren moldaketa izan da.

Adierazpenarekin bukatzeko, esan beharra daukagu gaur egun dekretua ez dela kaleratu, eta hori argitaratzerakoan informazio gehiagorekin berriro ere adieraziko garela. Bitartean, orain arte bezala, auzolanaz eta okupazioaz aurrera jarraituko dugu gure proiektuekin herriari bizia emanez eta hauek arriskuan baldin badaude, elkartasuna eta autodefentsa izango dira gure tresnarik eraginkorrenak.
Horregatik, hurrengo ostiralean 19:30tan herriko plazan gaztetxearen aldeko mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu.

Gora Kalezulo! Gora gaztetxeak! Gora San Fermin!

Egurre!

2017ko uztailaren 7an

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun