Grebalariakaz batera, 120 pertsona abiatu ziren hiriburura, eta horietatik 80 batek amaitu zuen ibilbidea Bilboko Areatzan. Gaur, ostera, langileek plazan bazkaldu dute eta datorren zapatuan, hilaren 10ean, beste ibilaldi bat egingo dute. Oraingo horretan, umeentzat izango da; horregatik, Astrabudua eta Altzaga artean egingo dute.
Bi Sport enpresak Altzagako eta Astrabuduko udal-kiroldegietan kirol-jarduerak eta -zerbitzuak ematen ditu udal-esleipen baten bitartez. Joan den azaroaren 10ean greba mugagabea hasi zuen beharginen gehiengoak, "lan-baldintzak duindu eta hobetu ahal izateko", ELA sindikatuak azaldu duenez. Bide horretan, zentroko hitzarmena eskatu dute, enpresa bereko Muskizko zentroak daborduko badaukanez.
Hainbatetan azpimarratu dutenez, Erandioko zentroetako langileak 10 hilabete egon ziren enpresagaz negoziatu nahian, greba hasi baino lehen. Hala, "enpresaren jarrera ikusita, ezinezkoa bihurtu zen negoziazioa". Hamar hilabetetan bilera bi besterik ez ziren egin, eta enpresak ez zuen proposamenik mahai gainean ipini ezta negoziatu langileakaz, sindikatuak nabarmendu duenez. Udalari ere, bilera bi eskatu zioten, alde batetik Josean Pérez Kirol zinegotziagaz berba egiteko, eta beste aldetik, Joseba Goikouria alkateagaz. Kirol zinegotzia langileakaz batu zen eta "berba onak besterik ez" ziela eman kritikatu du ELAk. Pérezek gatazka horretan 17 bider eseri da alde bategaz eta besteagaz, Udalbatzan azaldu duenez. Beharginek salatu dute udal-arduradun nagusiek ez dietela bilerarik eman. Sindikatuak eta grebalariek azpimarratu dute 115 egun horiek ez direla "egoera erosoa" Altzagako eta Astrabuduko biztanleentzat: "Egun asko dira kiroldegietan zerbitzu barik".