Bi Sport enpresako langileak: "Lau hilabeteotako borroka gogorra izaten ari da"

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 13a, 11:05

Astrabuduatik Altzagara arteko martxa egin zuten herritarrek eta langileek domekan.

Erandioko eta Astrabuduko kiroldegietako Bi Sport enpresako langileek 124 egun bete dituzte greba mugagabean. Domekan, hilaren 11n, oinezko martxa egin zuten Astrabuduatik Altzagara, ehunaka herritarrez inguratuta. Udaletxearen aurrean, beharginek azaldu zuten lau hilabeteko borroka hori "gogorra" izaten ari dela.

Bi Sport enpresak Erandio eta Astrabuduako kiroldegietan kirol-jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen ditu adjudikazio baten bitartez.

Joan den azaroaren 10ean greba mugagabea abiatzea erabaki zuten, lan-baldintzak "duindu eta hobetu" ahal izateko eta zentroko hitzarmena eskatu eta defendatzeko.

Hainbatetan azpimarratu dutenez, Erandioko zentroetako langileak 10 hilabete egon ziren enpresagaz negoziatu nahian, greba hasi baino lehen. Hala, "enpresaren jarrera ikusita, ezinezkoa bihurtu zen negoziazioa". Hamar hilabetetan bilera bi besterik ez ziren egin, eta enpresak ez zuen proposamenik mahai gainean ipini ezta negoziatu ere langileakaz, sindikatuak nabarmendu duenez.

Udalari ere, bilera bi eskatu zioten, alde batetik Josean Pérez Kirol zinegotziagaz berba egiteko, eta beste aldetik, Joseba Goikouria alkateagaz. Kirol zinegotzia langileakaz batu zen eta "berba onak besterik ez" ziela eman kritikatu du ELAk. Pérezek gatazka horretan 17 bider eseri da alde bategaz eta besteagaz, Udalbatzan azaldu duenez. Beharginek salatu dute udal-arduradun nagusiek ez dietela bilerarik eman.

Sindikatuak eta grebalariek azpimarratu dute greba abiatu zen egunetik ez dela "egoera erosoa" Altzagako eta Astrabuduko biztanleentzat: "Egun asko dira kiroldegietan zerbitzu barik".

Joan den hilaren 4an, domekan, ere oinezko martxa egin zuten langileek Astrabuduako Josu Murueta plazatik Bilboko Areatzara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun