Astrabuduarrak hiru ardatz aurreratu ditu datorren legealdirako udal-programaren gainean: "Langabeziaren kontrako borroka, gizarte prestazioak eta herrigunetik urrun dauden bizitokiei eman beharreko arreta eta zerbitzua".
Alkategai jelkideak 37 urte ditu, Politika eta Administrazio Zientzietan zein Ikerketa eta Merkatu tekniketan lizentziatua da, eta graduondoa dauka Dinamizazio eta Demokrazia Parte Hartzailean. Udalerriko bizitza politikoa ondo ezagutzen du, zortzi urtez izan baitzen zinegotzi jeltzalea, 2003tik 2011ra. Alkateorde eta bozeramaile izateaz gainera, Euskara eta Gazteria zein Enplegu eta Ekonomia Sustapen arloetan jardun zuen, besteak beste. Bestalde, Bizkaiko EGIren Herrialde Kontseiluko kidea izan zen 2006 eta 2011 bitartean. Uri Buru Batzarrean hainbat barne-ardura izan ostean, 2013an aukeratu zuten Oliban, Bizkai Buru Batzarreko kide izateko. BBBko Idazkaritza daroa urte horretatik.
EAJk zabaldu duenez, Aitziber Olibanek ezinbesteko jotzen du "Erandioren alde lan egingo duen lantaldea eratzea". Hala, azaldu du bere helburu nagusia dela bere "herrikideen ongizatea areagotzea" eta, horretarako, hainbat arlotan sakonduko duela agindu du. Horretarako zenbait neurri aurreikusi ditu, hala nola, programa eta beken bidez ume eta nerabeen heziketa osatzea, jarduera zehatzen bidez bizimodu osasungarriaren aldeko apustu "irmoa" egitea eta ingurumena zaintzeko eta errespetatzeko baloreak sustatzea. Bere alderdiak gogorarazi duenez, "ez zaizkio arrotz egiten herrian gaur egun dauden aparkaleku arazoak, kirol-zerbitzuetan dauden gabeziak eta enpleguaren kalitatean hobetu beharrekoak", eta horietan guztietan lan egingo duela baieztatu du.
EAJk aldarrikatu du bere hurrengo alkategaia "gaztea eta langilea" dela. "Negoziatzen daki eta ondo ezagutzen ditu Erandion bizi diren herritarrak", iturri jelkideen arabera. Aitziber Oliban joan den martxoaren 22an aukeratu zuten Erandioko EAJko hiru Uri Batzarrek, aho batez, hurrengo udal hauteskundeetarako alkategaia izateko.